Abenduaren 11n aurkeztu zuten Altxa Burua Orio taldea, haur eta nerabeen artean sakelako telefonoen erabilera murrizteko eta lehen gailua eskuratzeko adina atzeratzeko helburuz. Asmo horretatik abiatuta, egitasmo berria jarri dute martxan herrian, eta atzo hasi ziren taldeko kideak pegatina identifikagarriak jartzen proiektuarekin bat egiten duten saltokietako erakusleihoetan eta udal eraikinetan. Hala, aurrerantzean haurrek eta nerabeek pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute bertako telefonoa erabil dezaketela behar duten deia egiteko. Herriko ia 40 gunek eskainiko dute horretarako aukera, tartean dira Arkupe elkarteko establezimenduak eta udaleko zerbitzuak.