Sare Herritarrak Etxera Bidea Gertu zozketa egin zuen abenduaren 19an Gasteizen, eta Sareko Orioko kideek jakinarazi dute Orion saldu zela zenbaki sariduna: 63.721 zenbakia. Saridunak 999 euroko bi bidaia-bonu irabazi ditu. Oraindik ez da jakin zein den irabazlea, baina antza denez, Orioko zozketako-txartel gehienak abuztuaren hasieran egiten den hondartzetako martxan saldu ziren; beraz, bertan erositakoa izan daitekeela nabarmendu dute elkarteko kideek. Txartelaren jabeak hamar egun baliodun ditu elkartearekin harremanetan jartzeko, denbora epe hori igaro eta irabazlea aurkeztu ez bada, ordezko gisa geratu den hurrengo irabazleari emango baitzaio saria.
Gainontzeko zenbaki saridunak honakoak izan dira: Bigarren saria 12.223 zenbakiak irabazi du eta txartelaren jabeak 999 euroko bidaia-bonu bat jasoko du; hirugarren saria, berriz, 11.574 zenbakiarentzat izan da eta bi lagunentzako otordua irabazi du Kanpezuko Arrea! jatetxean.
Abenduaren 23an Martutenera
Urtero mobilizazioa antolatzen du Sarek Martuteneko espetxera, eta aurtengoan Orioko kideek ekimenean parte hartzeko dei berezia egin nahi diete herritarrei. Izan ere, Gregorio Eskudero presoa bertan dago apiriletik, eta oriotarrak martxan parte hartzera animatu nahi dituzte. Horretarako, autobusa antolatu dute eta Kolon Txiki tabernan eman daiteke izena. "Oriotarrak martxan parte hartzea nahi dugu, guztiok bat eginda, Gregoriok kanpotik bidaltzen diogun aldarri ozena entzun eta gure babesa sentitu dezan".