"Kirola baino gehiago, surfa bizimodua dela esan daiteke"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko aza. 18a, 13:00

Leire Valverde, Amaia Loidi, Sonia Ziani eta Maitane Zinkunegi. (Arnaitz Rubio Aprea)

Gero eta egitasmo gehiago antolatzen dira Euskal Herrian emakumeak surfera gerturatzeko, eta olatu horrek badu eragina Orion ere. Hala, surfaren mundua emakumeen begiradatik ezagutzeko aukera eskaini dute Orioko surf komunitateko lau kidek Karkara aldizkariko azaroko zenbakian. Lehena, oraina eta etorkizuna izan dituzte hizpide belaunaldi desberdinetako surflariek, eta orain elkarrizketa sarean dago irakurgai.

Surfean, lehen begiratuan, beste hainbat kiroletan baino neska gutxiago ikusten bada ere, gero eta gehiago dira oholaren gainean olatuak zeharkatzen dituzten emakumeak. 40 inguru dira Orion; guztien iritziz, surfak badu "harrapatzen duen zerbait", eta"kirola baino gehiago" dela sentitzen dute. Osagai horiez guztiez hitz egin dute Orioko surf elkarteko lau kidek Orioko Antilla hondartzan: Leire Valverdek (Azpeitia, 1972), Amaia Loidik (Usurbil, 1978), Sonia Zianik (Orio, 1990) eta Maitane Zinkunegik (Orio, 2003).  

Nolakoak izan ziren zuen hasierak surfean?

LEIRE VALVERDE: Nik egin nuen surf ikastaro bat duela 27 urte Zarautzen ireki zuten lehenengo surf eskolan, Mikel Troitiño, Aritz Larrañaga eta Aitor Frantzesena Gallo-rekin. Bi asteko oinarrizko ikastaroa izan zen, materiala ezagutu eta kirolarekin lehen kontaktua izateko. Gustatu egin zitzaidan, eta surfean hasi nintzen lagun talde batekin. Handik gutxira, bizitzak Oriora ekarri ninduen, eta hemen jarraitu nuen uretara sartzen. Hasieran izan nuen lotsa, surfean oso emakume gutxi jarduten ginelako. Gizonezkoen kirola zela zirudien, emakumeok surfean egin ezin bagenu bezala, ez baitzegoen erreferenterik. Nik, ordea, oso ondo pasatzen nuen. Askotan frustratuta ateratzen nintzen uretatik, zeharo txarra nintzela pentsatuz, baina kirolak tira egiten zidan, eta egoskorrean jarraitu egin nuen. Saiatu eta saiatu, hori da sekretua.

AMAIA LOIDI: Gu Usurbilen bizi ginen, eta uda Orion pasatzen genuen. Amonarekin egunero hondartzara etortzen ginen umetan, eta niri beti gustatu izan zait hondartza inguruko giroa. 16 urte ingururekin, banituen bi lagun hondartzan sorosleak zirenak: Mikel eta Andoni. Beraiengatik hasi nintzen surfean. Probatzera animatu ninduten, garai hartan Orion surfean oso neska gutxi jardun arren. Aurrerago, Pukasen hasi nintzen lanean, eta zaletasunarekin jarraitu nuen. Nik uste dut surfaren inguruan hondartzan sortzen den giroa dela gustatzen zaidana; izan ere, neguan ere hona etortzea maite dut; itsasoari begira egotea, lagunekin petrilean eserita berriketan aritzea, eta eguraldia hobetzen denean itsasoan bainua hartzea. Ez da kirola bakarrik, horren bueltan sortzen den bizimodua da. Surfeko lokala nire bigarren etxea bezala da.

MAITANE ZINKUNEGI: Nik haurra nintzenetik ikusi dut aita surfean, eta ordu asko pasatu ditut hondartzan. Hortaz, modu naturalean hasi nintzen surfean. Probatzen hasi nintzen, uretara sartzen, eta kirola eta bertako giroa gustatuta, jarraitu egin dut gaur egun arte.

SONIA ZIANI: Hemen bildu garen emakumeok belaunaldi desberdinetakoak gara: 20, 45, 33 eta 51 urte ditugu. Surfak eman digu elkar ezagutzeko eta lagun berriak egiteko aukera, eta oso aberasgarria da. Surfaren bueltan oso giro ederra sortzen da, eta ez dut uste kirol guztietan gertatzen denik. Bizimodua dela esan daiteke, kultura eta naturarekiko erlazioa uztartzen dituelako. Gainera, bitxia da, surfeko lokalera etorriz gero, beti dagoelako norbait, eguraldi txarra edo ona egin. Etor zaitezke jai eguna duzun lanegun batean, eta bateren bat topatzen da; batzuk uretan, besteren bat ur-ertzean paseatzen edo alboko txiringitoan kafea hartzen.

Zer eskaintzen dizue surfak?

A.L.: Bizipoza ematen dit hondartzara etortzeak. Hau nire lekua dela sentitzen dut. Gainera, nire alabari asko gustatzen zaio hemen egotea, eta sentitzen dut lotura berezia partekatzen dudala berarekin surfaren bueltan.

S.Z.: Surfak askatasuna eta lasaitasuna eskaintzen dizkit. Egunerokoan bizi dugun estresa botatzeko bidea da. Uretara sartzen naizenean arazo guztiak ahazten zaizkit, neure buruarekin lasai eta naturarekin harreman zuzenean egoteko modua delako. Hunkitu egiten naiz, sentitzen dudalako hondartzak jende zoragarria ezagutzeko aukera ere eman didala; oso konexio berezia dut hemen egin ditudan lagunekin. Bestela sortuko ez liratekeen loturak ahalbidetu ditu surfak.

Sonia ziani: "Surfak askatasuna eta lasaitasuna eskaintzen dizkit"

Neska eta emakume asko erakartzen ditu surfak, baina erreparoa edo lotsa ematen die uretara sartzeak. Zuek ere izan al duzue sentipen hori?

L.V.: Hasieran beldur edo lotsa hori sentitzea normala da, baina iruditzen zait Orion asko babesten dugula elkar.

S.Z.: Uretan klubeko mutilek animatu egiten gaituzte olatuak hartzera, eta eskertzekoa da. Behin edo behin pasa izan zait klubera etortzea eta itsasoari begira ari naizela norbaitek galdetzea ea uretara sartuko naizen. Errespetua ematen didala esandakoan, erantzuna izaten da: "Goazen, biok elkarrekin sartuko gara!".

A.L.: Bat nator, batzuetan behar da babes hori uretara sartzeko. Ni, esaterako, metro eta erditik gorako olatuak badaude eta bakarrik banago, ez naiz sartzen bakarrik. Izan ere, Orioko hondartza nahiko bihurria da. Hondartza bakoitza desberdina da, baina Oriokoan batzuetan zentrifugatuan sartzen zara, eta gauean oraindik ura botatzen jarraitzen duzu.

Orio erraza al da surfean hasteko?

S.Z.: Ez da batere erraza. Bat etorri behar dute faktore askok: itsaso txikiak eta apar luzeak. Orion, normalean, korronte handia izaten dugu; marea behean dagoenean bat-batean txikitzen diren olatuak, paretarik gabeak, eta marea goian dagoenean, berriz, ur-ertzeko olatuak. Konplexua da Orion surfean ikasteko olatu onek koadratzea.

L.V.: Egia da hori, baina maite dugu, gure hondartza delako eta sortzen den giroagatik. Ni, denboraldi batean, gaztetan, Zarautzen bizi izan nintzen, eta olatuak hartzera Oriora etortzen nintzen, nahiz eta han olatu hobeak egon.

Sonia Ziani, Amaia Loidi, Maitane Zinkunegi eta Leie Valverde. (Arnaitz Rubio Aprea)

 

Hasieran erreferenteak aipatu dituzue. Garrantzitsua al da horiek egotea neska gazteak surfera gerturatzeko?

A.L.: Bai, gazteak beti animatzen ditut probatzera. Gero eta neska gehiago animatzen dira surfera, eta niretzat oso pozgarria da. Nik neuk ere urte batzuetan utzita izan nuen, eta nire alabarengatik hasi nintzen berriz, polita iruditzen zaidalako berarekin zaletasuna partekatzea eta gure artean lotura berezi hori izatea. Duela urte batzuk herriko emakumeen artean deialdia ere egin genuen nahi zuenak surfa probatu zezan. Uste genuen bi katu etorriko zirela, eta 30 emakume inguru bildu ginen. Askok komentatu ziguten oholarekin uretara sartzen ikusten gintuztenean inbidia sentitzen zutela, baina lotsa ematen ziela probatzeak. Giro ederra izan genuen topaketan.

L.V.: Egia da, hondartza guretzat hartu genuen; sartu ginen uretara, eta ez zen inor gehiago kabitzen.

S.Z.: Oso saio polita izan zen, balio izan zuelako elkar ezagutzeko.

Surfa bada kirol bat tematzea eskatzen duena, ezta?

S.L.: Surfak bi alderdi ditu. Hasieran ez da eskertua, saiatu arren asko kostatzen delako zutik jartzea eta, prozesu horretan, askok pentsatzen dutelako ez dutela balio. Baina, zutik jarri eta lehen olatua hartzen denean sentitzen dena, hori ikaragarria da. Horregatik da garrantzitsua gustatzen bazaizu ez etsitzea. Ez da aurrenekoan aterako, baina ahaleginak fruituak ematen ditu.

Amaia Loidi: "Bizipoza ematen dit hondartzara etortzeak. Hau nire lekua dela sentitzen dut"

Azken urteetan indarra hartu du Emakumeak Surflari ekimenak Euskal Herrian. Uste duzue horrek balio duela emakumeak surfera gerturatzeko?

A.L.: Bai, nik egin nuen beraiekin ikastaro bat, eta emakume mordoa bildu ginen. Aurrerago saiatu nintzen beste talde batean sartzen, baina beteta zegoen. Asko gustatu zitzaidan ekimena, oso giro ona zegoelako.

L.V.: Emakumeak Surflari arlo desberdinak jorratzen ari da. Antolatzen dituzte teknifikazioak surflari gazteentzat, baina horrez gain, emakumeak surfera animatzeko ikastaroak ere egiten dituzte. Udan, esaterako, Galizian surf egonaldiak antolatzen dituzte emakumeentzat, eta nik parte hartzen dut horietan. Asko gozatzen dut, eta aberasgarria iruditzen zait, maila desberdinetako emakumeak biltzen garelako: batzuk maila handiagoarekin eta besteak txikiagoarekin, baina guztiak elkarrekin eta elkarri txaloka eta animoak ematen, inportanteena jardutea eta saiatzea delako. Egonaldi horiek kirola gizarteratzen eta zabaltzen laguntzen dute, eta uste dut emakumeok behar izaten ditugula horrelako pizgarriak. Nik, esaterako, seme-alabak ditut, eta haurrak izan nituenean surfa albo batera utzi nuen. Umeak hazi zirenean eta niretzat aisialdirako denbora gehiago nuenean hasi nintzen nire kasara berriz surfean. Hendaian bizi nintzen orduan, ez nuen inor ezagutzen, baina banuen oinarri bat lehendik, eta zein motatako ohola erosi banekienez, moldatu nintzen. Oinarri edo laguntza hori ez duena, ordea, ez da itzultzen surfera edo ez da gerturatzen. Kontuan izan behar da emakumeoi behin familia izandakoan bizitza soziala aldatu egiten zaigula, tamalez kostatu egiten zaigulako guretzat denbora hartzea. Gizonezkoak horretan desberdinak dira, eta jarraitzen dute beren zaletasunekin. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zait espazio ludiko bat sortzea emakumeak surfera gerturatzen laguntzen duena. Oso emaitza onak ematen eta arrakasta lortzen ari da Emakumeak Surflari, ona edo txarra izan, inportanteena uretara sartzea eta surfaz gozatzea delako.

S.L.: Nik uste dut Emakumeak Surflarik batez ere zaletasuna sortu duela, eta taldean uretara sartzea bultzada garrantzitsua dela emakumeentzat.

A.L.: Leirerekin bat nator. Nik ere utzita izan nuen surfa ama izan ondoren, eta alaba koskortu zenean nire alabarekin eta bere lagunekin hasi nintzen berriz ere surf ikastaroetara joaten. Horrela hartu nuen berriz ere martxa. Antzematen dut gero eta jende gehiago ari dela animatzen; baditut hiru lagun oraintxe hasi direnak eta oso gustura daude. Hasieran, aparra hartzen jarduten gara guztiok, eta zutik jartzea lorpen ikaragarria izaten da, baina gustatzen zaionak gozatu egiten du.

 

Inguruko herrietan badaude surf eskolak, eta horrek, nolabait, kirola asko zabaldu du. Orioko surf komunitateak, ordea, mantentzen du izaera herrikoiagoa. 

S.L.: Surf elkarteko kideok kontziente gara daukagun altxorraz, eta zaindu egin nahi dugu, beste herrietan gertatu dena pasa ez dadin. Izan ere, uste dut surfa prostituitu egin dela. Negozio handia sortu da horren inguruan, eta behin gurpil horretan sartutakoan, non dago muga? Zarautzen asko antzematen da. Uretan egon zaitezke, eta bat-batean talde handi bat sartzen da ezertxo ere jakin gabe. Olatuaren gailurrean sartzen dira, ez dakizkite surfeko arauak eta nork duen lehentasuna, eta arrisku egoerak gertatzen dira. Kontu handiz ibili behar izaten da. Uste dut behar-beharrezkoa dela ikastaroetan parte hartzen ari diren lagun horiek itsasoan ibiltzeko heztea, surfean aritzeko ezinbestekoa delako kirolaren arauak eta lehentasuna ezagutzea, eta itsasoa ulertzea, korronteek nola eragiten duten jakitea eta beste hainbat kontu. Ezbehar gutxi pasatzen dira, gerta zitezkeenerako. Orion lan handia egin da egoera horretara ez iristeko, eta klubeko beteranoen ahaleginari esker izan da. Lortu dute herriko surf komunitatearen izaerari eustea eta bertako kideok errespetuz jokatzea. 

A.L.: Lortu dugu oreka jasangarri bat, beste hondartzetako masifikaziotik urrun dagoena. Eta arrisku egoerei dagokionez, nik, esaterako, argi daukat noiz sar naitekeen. Itsaso handia dagoenean uretan bezainbeste gozatzen dut petrilean eserita itsasoari begira.

M.Z.: Soniaren iritzi berekoa naiz. Itsasoari errespetua izan behar zaio, eta tamalez, gertatzen dira egoera arriskutsuak uretan, nork bere mugak errespetatzen ez dituelako. Haurren kasuan, gurasoek jakin behar dute noiz dagoen itsasoa umeak sartzeko modukoa. Izan ere, haurrek jakin dezakete surfean, baina oraindik ez dute indarrik korronte handiari aurre egiteko. Duela gutxi haur bat atera behar izan zen uretatik, zeharo beldurtuta eta negarrez. Aitarekin etorri zen: lehen egunean itsasoa egoki zegoen berarentzat, baina biharamunean olatuak aurreko egunekoaren bikoitzak ziren. Azkenean, korronteak haurra arrastaka eraman zuen, egoera arriskutsua sortuz.

Leire Valverde: "Hemen sortzen diren harremanak beste eremu batean sortzea zaila da"

Surfa zabaltzeak eraldatu egin al du?

L.V.: Bai, lehen askoz hippyagoa zen. Duela 32 urte, 20 urte nituenean, eskalatzen hasi nintzen. Asko motibatu ninduen kirolak, eta guztiz aldatu nuen bizimodua; asteburuetan parrandan atera beharrean eskalatzera joaten nintzen lagun kuadrilla batekin. Ostiralean irteten ginen lo egiteko zakua eta eskaladako motxila hartuta, eta kanpora joaten ginen. Eskaladako lagunekin botatako erronka bati esker egin nuen udan surf ikastaroa, eta hori ere ikaragarri gustatu zitzaidan. Bietan giro bera sentitzen nuen, gizartetik ihes egiteko modua zirela sentitzen nuen. Oso jende irekia zegoen, aurreiritzirik gabea. Gainera, surfaren inguruan ez zegoen negoziorik, oso librea zen, eta abentura pila bat bizi izan genituen: kanpora joaten ginen motxilarekin; kotxean lo egiten genuen; ahal genuen materiala erabiltzen genuen, hirugarren eskuko oholak erosten genituen edo eskura genituenak erabili. Belaunaldi desberdinetakoak biltzen ginen surfaren bueltan, eta harreman berezia sortzen zen gure artean, ginelako zorakerietarako lagunak. Nik, esaterako, beste kirol antolatuagoetan ez nuen horren ondo enkajatzen.

A.L.: Nire kasuan ere, kuadrillako lagunak ni baino hamar urte zaharragoak dira. Oso gaztea nintzen beraiekin ibiltzen hasi nintzenean, eta surfak elkartu gintuen. Garai hartako oso oroitzapen ederrak ditut, orduan Orioko hondartza zelako askoz basatiagoa eta surfa ere giro horren isla zelako. Oso aberasgarria iruditzen zait belaunaldi desberdinak biltzen dituen gune bat izatea, eta nire alabarentzat ere hori nahi dut, giro naturala eta sanoa iruditzen zaidalako, errespetuzkoa. Bere adinekoekin egon daiteke, haur txikiekin, baita nire lagunekin edo 20 urte inguru dituztenekin ere. Maitanerekin, esaterako, askotan sartzen dira uretara.

L.V.: Hemen sortzen diren harremanak beste eremu batean sortzea zaila da, eta horregatik da garrantzitsua da gure izaerari eustea eta dugun altxorrari balioa ematea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide