"Negozio iturria ikusi dute askok, eta marketinaren eraginez, asko aldatu da gizarteak surfarekiko duen jarrera"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko aza. 18a, 13:30

Enara Azkue oriotarra Maltan bizi da gaur egun. (Utzitakoa)

Duela hamazazpi urte Euskal Herria utzi bazuen ere, Orioko surf komunitateko kideek gogoan dute Enara Azkue (Orio, 1980), bera izan baitzen Orion surfean aritu zen lehen neska. Azken bi hamarkadetan munduko hainbat herrialde izan ditu bizileku, eta gaur egun Maltan bizi da oriotarra.

ENARA AZKUE - Orioko lehenengotako emakume surflaria

Surfean jarraitzen al duzu?

Ez, bizitzak eramaten gaitu imajinatzen ez dugun bideetatik, eta gaur egun ez dut surfik egiten. Ingeniaritza ikasi nuen, eta 25 urterekin Eusko Jaurlaritzaren beka baten bitartez Egiptora joan nintzen bizitzera, El Cairora. Bertan ez zegoen surfa egiteko aukerarik, eta handik Ekuadorrera joan ginen; ondoren Mexikora, eta gaur egun, Maltan bizi gara. Bizi izan naizen tokietan ez dut izan olatudun hondartzarik surfean egin ahal izateko. Bizitzak aurrera egin du, eta konturatu gabe urrundu egin naiz surf mundutik.  

Inoiz pentsatu al duzu zaletasuna berrartzea?

Udan ama bisitatzera Donostiara joaten garenean, semeak surf eskoletara eramaten ditut. Gustatzen zaie, baina surfak jarraikortasuna eskatzen du, eta urtean bi astez uretara sartuta ez da nahikoa zaletasuna sortzeko. Gainera, uste dut oso zaila dela seme-alabei gurasoen zaletasuna transmititzea, norberarengandik sortzen den sentimendua delako. Maltan urez inguratuta bagaude ere, olaturik ez dagoenez, ezin diote udan ikasitako horri segida eman. Uda honetan Donostian egon ginenean, pentsatu nuen uretara sartzea, haurrak surf eskoletan zebiltzan bitartean, baina horrelakoetan beste hainbat gauza izaten dira egiteko, eta azkenean, ez nintzen animatu. Gainera, Donostiako Groseko hondartza goizean goizetik surflariz gainezka egoten da, ez da inor gehiago sartzen uretan.

Nolatan hasi zinen zu surfean?

Oso gaztea nintzen, 12 urte inguru nituen. Eugenio Cotado nire amaren laguna zen, eta oso neska mugitua nintzela ikusten zuenez, 1992ko udan berea zen taula arrosa bat oparitu zidan probatzeko. Jolas gisa hasi nintzen uretara sartzen; baina segituan negua etorri zen, eta neoprenorik ez neukanez, utzi egin behar izan nuen. Hurrengo udaberrian ekin nion berriz ere, eguraldia hobetu zuenean. Ni nintzen uretara sartzen zen neska bakarra; 13 urte nituen, eta gainontzekoak ni baino askoz zaharragoak iruditzen zitzaizkidan, 17 urtetik gorakoak ziren eta.

12 urterekin sentitu al zenuen hasierako beldurrik?

Ez, saltsa guztietan sartuta ibiltzen nintzen, eta surfa asko gustatzen zitzaidanez, ez nion buelta gehiegirik ematen; lotsarik ez nuen sekula sentitu. Norberaren izaerarekin datorrela uste dut, ni horrelakoa izan naiz beti. Hori bai, aitortu behar dut uretara sartzen ginenean asko kostatzen zitzaidala olatuak hartzea txikiena nintzelako, kar-kar-kar... Neska bakarra nintzen eta gazteena, baina ni beti sentitu nintzen oso babestua. Oso lagun onak egin nituen surfean, eta aspalditik kanpoan bizi banaiz ere, batzuekin harremana mantentzen jarraitzen dut.  

Nola gogoratzen duzu orduko Antilla hondartza? 

Gaur egungoarekin alderatuta oso desberdina zen, askoz basatiagoa. Hondartza bazterreko txaletak eta txiringitoak zeuden, besterik ez. Aire zabalean aldatu behar izaten genuen, ez baitzeuden aldagelak eta dutxak. Zerbitzu horiek guztiak pixkanaka lortu ziren, elkartea sortu zenean. Klubaren sorrera hartan nik ere parte hartu nuen, eta hainbat urrats garrantzitsu eman ziren 1990. hamarkadan: federatu egin ginen, txapelketak antolatzen hasi eta surfeko lokala lortu zen udalaren laguntzarekin. Bizitzako arlo guztiak bezala, oso azkar aldatu da surfa ere. Erosotasunean irabazi da, baina urte haietako esentzia galdu dela uste dut. Gogoan dut asteburuetan goizetan esnatu, eta egiten nuen lehen gauza bizikletan hondartzara joatea izaten zela, olatuak bazeuden ikusteko. Orain, nahi izanez gero, ohetik irten ere egin gabe smartphonetik ikus daiteke itsasoa nola dagoen. Erokeria bat da, lehen pentsaezina zen. Hondartzari dagokionez, asko aldatu zen kanpoko barra egin zutenean. Hala ere, lehen oso itsaso handia izaten zen, eta nahiko zaila zen surfean ikasteko.

Orain kanpotik ikusten duzu surfaren mundua. Zertan sumatzen duzu aldatu dela? 

Nire ustez, gizarteak surfarekiko duen ikuspegia da gehien aldatu dena. Lehen oso kirol minorizatua zen, eta surfa egiten zutenak nahiko jende alternatiboa ziren, libreak, garaiko estandarretatik kanpo zeudenak. Surfean etxe bakoitzeko onena aritzen zirela esaten zen. Negozio iturria ikusi zuten askok, ordea, eta marketinaren eraginez, asko aldatu da gizarteak surfarekiko duen jarrera: gaur egun, gurasoak gustura daude seme-alabak surfean aritzen direlako, eta lehen, berriz, inguru horretara ez gerturatzeko eskatzen ziguten. Ni asteburuetan 08:00etan ateratzen nintzen etxetik hondartzara joateko; 13:00etan etxera itzultzen nintzen bazkaltzera, eta arratsaldean 15:00etatik 19:00etara egoten nintzen hondartzan. Amak galdetzen zidan ea zer egiten nuen horrenbeste denbora hondartzan. Hantxe pasatzen nuen nire denbora librea: uretara sartu, lagunekin berriketan aritu eta olatuei begira, besteak surfean ari ziren bitartean. Gaur egun, guraso asko seme-alabak etxetik atera ezinik egoten dira, pantailekin engantxatuta daudelako, eta lehen, berriz, ez ginen etxera sartzen. Surfak inguruan duen negozioaz harago, sekulakoa iruditzen zait gazteek surfa bezalako zaletasuna izatea, lortzen delako belaunaldi desberdinen arteko esperientziak trukatzea, kirola eginez eta naturarekin erlazio zuzena izanez.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide