Soinuaren magia izenburupean, Orioko elizako organoa ezagutzeko aukera izango da hilaren 18an, larunbatarekin. Bisita didaktikoa emango du egun horretan, Xabier Lizaso Loidi piano-jotzaile oriotarrak, 11:30etik aurrera.
Bertaratzeko asmoa duten herritarrek, izena eman beharko dute aurrez turismo bulegoan edo 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta.
10 urte organoa zaharberritu zenetik
Hamar urte beteko dira organoa zaharberritu zenetik, eta hori gogoratze aldera antolatu dute bisita didaktikoa. Hain justu, 2013an egin ziren Orioko elizako organoa berritzeko lanak. Aurreko organoetatik 853 hodi mantendu zituzten eta 1.152 berri jarri.
Orioko izaera gordetzen du organoak: baporeen puenteak olatuen forma du, eta hodiek arraunlarien pala goratuen itxura dute, estropada irabazten dutenean bezala. Gainera, organoan idatzita dagoen guztia euskara hutsean dago.