Kepa Loidi harategia hirugarren sailkatu da Beasaingo odolki lehiaketan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta

Beasaingo odolki lehiaketako 38. edizioa izan zen larunbatean. (Asier Zaldua - Goierriko Hitza)

Guztira, hamabi odolkigilek parte hartu zuten lehiaketan, eta Beasaingo Olano nagusitu zen, hamargarren urtez jarrian

Larunbatean egin zen Beasaingo odolki lehiaketako 38. edizioa, eta Orioko Kepa Loidi harategiak hirugarren postua eskuratu zuen. Ez da lehiaketa entzutetsu honetan saria irabazten duen lehen aldia, iaz ere postu bera lortu baitzuen Ainhoa Loidik gidatzen duen harategiak. Guztira, hamabi odolkigilek parte hartu zuten lehiaketan, horietatik hiru ingurukoak: Orioko Kepa Loidi harategia, Aiako Txarri Txiki eta Zarauzko Gesalaga. Epaimahaiak eguerdian jakinarazi zituen finalistak, eta aurtengoan ere Beasaingo Olano nagusitu zen (89,5 puntu), hamargarren urtez jarrian. Bigarren postuan Asteasuko Jabier Iraola (86,5 puntu) sailkatu zen, hirugarrenean Orioko Kepa Loidi (84 puntu) eta laugarrenean Beasainmendiko Odolkiak (74,5 puntu) Epaimahaiak hainbat faktore izaten ditu puntuazioa erabakitzeko orduan: aurkezpena, bilgarria, mozketa, zaporea, aroma, eta osagaien xehatze tamainua, besteak beste.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide