Minbiziaren aurkako elkarteko boluntarioek postua jarri dute gaur plazan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko aza. 4a, 13:48

AECC minbiziaren aurkako elkarteko boluntarioek plazan postu jarri dute gaur goizean. (Aiora Larrañaga)

Elkartea diru bilketa egiten ari da ikerketara bideratzeko eta eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu finantzatzeko.

Eguraldi txarrak ez ditu zapuztu AECC minbiziaren aurkako elkarteko Orioko boluntarioen asmoak, eta aurreikusita bezala, postua jarri dute gaur goizean Herriko Plazan. Izan ere, urriaren 19an bularreko minbiziaren aurkako eguna izan zen, eta hilaren 17an biriketako minbiziaren aurkakoa izango da.

Bi hitzordu horien harira, elkarteko boluntarioek Gabonetako loteria saltzeko eta diru-bilketa egiteko aprobetxatu dute gaurko eguna.

Boletoak sei eurotan saltzen ari dira, bost euroak loteriako zenbakikoak dira eta beste euroa elkartearentzat izaten da. Izan ere, ikerketa sustatzeaz gain, elkarteak hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu: "Laguntza psikologikoa eskaintzen du gaixoentzat eta horien familientzat; gaixoek beren tratamenduetarako beharrezkoa duten materiala uzten die familiei, eta ingresatuta tratamendu luzeak jasotzen ari diren gaixoen familiek ostatu hartzeko etxe bat ere badu elkarteak Donostian, besteak beste. Horiek eta beste hainbat zerbitzu finantzatzeko beharrezkoa da herritarren laguntza, eta gaur goizean horregatik jarri dugu postua plazan", azaldu du Nerea Ostolaza boluntario oriotarrak.

Aitortu du "oriotarrek erantzun bikaina" izaten dutela beti, eta gaurkoan ere "jende asko hurbildu" dela postura beren ekarpen ekonomikoa egitera. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide