Donostiako Kursaal aretoan emanaldia emango du, Jordi Savall biola-jotzaile eta orkestra-zuzendariak, Le Concert des Nations orkestrarekin batera. Elkarrekin osatutako azken lana taularatuko dute: Els elements i les fúries.
Azaroaren 14an emango dute kontzertua, asteartearekin, eta saiora joan nahi duten oriotarrek autobusa izango dute doan. Emanaldia 19:30ean hasiko da, eta Zumaiatik datorren autobusa 18:40an iritsiko da Orioko autobus-geltokira.
Autobuserako izena emateko, orioturismo@gmail.com helbidera idatzi beharko da edo 943 835 565 telefonora deitu. Horretarako azken eguna azaroaren 8a izango da. Gutxienez 15 pertsonako talde bat ez bada osatzen, eskaintza bertan behera geratuko da.
Ikuskizunerako sarrerak
Ikuskizunera joan nahi dutenek beren kasa erosi behar dute sarrera Kursaalaren webgunean.
Sarrerak hainbat preziotan erosi daitezke, eta langabetuak eta 30 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute, gainera; 3 euroan erosi ditzakete sarrerak. Horretarako, sarrera erreserbatu behar dute 943 835 565 telefonora deituta. Behin erreserba eginda, kontzertuaren egunean, Kursaaleko leihatilara jo behar dute eta adina (Ordu Gaztea) edo lan-egoera (langabetuak) egiaztatu ondoren, sarrera ordaindu. Lekua leihatilan erabilgarri dauden sarreren araberakoa izango da.