Erabiltzaileentzako ireki da jada Orioko Kultur Etxea

Andrea Zipitria 2023ko urr. 24a, 09:30

Orioko Kultur Etxeko liburutegia. (Andrea Zipitria)

Azken bi astetan itxita izan da kultur etxea igogailua berritzeko lanak direla eta, baina udaletik azaldu bezala, erabiltzaileentzako irekita dago jada.

Kultur etxeko eraikineko igogailua berritzeko lanak aurrera doaz, eta dagoeneko irekita dago erabiltzaileentzako, azken bi astetan obrarik astunenak egin ondoren. 

Urriaren 9an hasi ziren obrak. Besteak beste, igogailu zaharra kendu dute eta berria jartzeko egokitu dute zuloa. Datozen egunetan ere langileek bertan jarraituko dute, falta dena bukatzen, baina kultur etxea eta liburutegia zabalik izango dira bitartean.

Ikasketa-gunea

KZ gunerako baliatzen den gela, ikasketa-gunea ere izango da hemendik aurrera. Kultur etxean ikasketa-gunea jartzeko eskaera egin diote erabiltzaileek udalari, eta eraikinak eskaintzen dituen aukerak aztertuta, KZ gunerako baliatzen den gela horretarako aproposa dela ondorioztatu du udalak. Herritarren zerbitzuak batzordeak urrian egindako bileran onartu zuen proposamena, eta zabalik dago dagoeneko gela.

Kultur etxeko ohiko ordutegian erabili ahal izango da gela. KZ guneko zerbitzua mantendu egingo da, baina zortzi plaza egongo dira libre ikasketerako baliatzeko.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide