Sarasola eta Itxaso: "Buruhandiekin ateratzeko gazteak animatzea nahi genuke"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko urr. 13a, 11:33

Pello eta Nikolasak erraldoiek parte hartu zuten Mutiozabal Festako irekiera ekitaldian. (Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Buruhandiekin ateratzeko gazte kuadrilla bat animatzea nahiko lukete konpartsako kideek, baina erraldoiekin ibiltzeko aukera ere zabalik dute herritarrek. Kide berriak ongietorriak izango direla nabarmendu du taldeak.

Orioko erraldoi eta buruhandien konpartsak ikusmina sortzen du kalejiran ateratzen den bakoitzean, eta herriko jaietako ekitaldirik jendetsuenetakoa izan ohi da, haur eta guraso mordoa biltzen direlako horren bueltan. Azken asteetan, ordea, Orioko erraldoien eta buruhandien konpartsa jende bila dabil, eta urriaren 6an, pasa den ostiralean, Mutiozabal Festako irekiera ekitaldia aprobetxatu zuten Pello eta Nikolasa kalera atera eta herritarrei erraldoiak dantzan jartzeko aukera emateko. Gainera, taldearen dinamikaz aritu ziren konpartsako kide Lander Sarasola eta Jon Itxaso, eta "lagunartean eta umore onean" aritzen direla nabarmendu zuten. "Zortzi-bederatzi urte daramatzagu konpartsan parte hartzen, seme-alabak izan genituenetik, gutxi gorabehera. Haurrei asko gustatzen zaizkie erraldoiak, eta gu horregatik gerturatu ginen taldera. Giro ona dugu, eta jaietan, gainera, erraldoien eta buruhandien kalejira izaten da jende gehien biltzen duen ekitaldia; horrek ere jarraitzera motibatzen gaitu, zaletasuna sortzen duelako herrian", azaldu du Itsasok. Hala ere, urte hauetan guztietan taldeak izan ditu gorabeherak parte hartzaileei dagokienez: "Orain nahiko ondo gabiltza, baina nahi dugu herritarrak konpartsan parte hartzera animatzea".

Sarasolak adierazi duenez, "buruhandietan parte hartzeko kideen" falta sumatzen dute batez ere. "Erraldoiak dantzan jartzeko zortzi-hamar lagun bagaude taldean, eta txandaka ibiltzen gara. Buruhandiekin ateratzeko gazteak animatzea nahi genuke, ordea. Guk, gazteak ginenean, bagenuen buruhandia hartu eta kalean korrika dinbili-danbala ibiltzeko ilusio hori, eta nahi genuke gazte kuadrilla bat animatzea buruhandiak jantzita ateratzera".

Konpartsan parte hartzeko gaitasun fisiko berezirik behar ote den galdetuta, Sarasolak uste du "osasuntsu dagoen edonork" parte hartu dezakeela. "Erraldoiek pisua dute eta balantza pixkat bat ere egiten dute; beraz, gerriko edo bizkarreko minez ibiltzen direnek kontuz ibili behar lukete, baina gainontzekoek arazorik gabe eraman ditzakete erraldoiak. Horretarako, inor ez da handiegia edo txikiegia; fisikoa ez da muga, guztiontzat da egokia", nabarmendu du.

«Kide berriak ongietorriak»

Erraldoien eta buruhandien konpartsak bilera irekia egin zuen urriaren 4an jende berria erakartzeko helburuz, eta normalean ibiltzen den taldeaz gain, pare bat lagun gehiago bertaratu zirela nabarmendu dute. "Argi utzi nahi dugu nahi duenak ateak irekita dituela. Probatu nahi duenak ez dezala lotsarik izan, gertura dadila, ongietorria izango delako".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide