Asteburuan Hendaia-Hondarribia lasterketa jokatu zen, 10 kilometroko absolutu mailako Gipuzkoako Txapelketa, eta bertan izan ziren Orioko Atletismo Taldeko hainbat kide. Hain zuzen ere, Martin Iriondo Orioko korrikalari gazteak lortu zuen podiumera igotzea, ibilbidea 32:44 denboran osatu eta bigarren postuan sailkatuta; oriotarrak 17 urterekin lortu du Gipuzkoako txapeldunordea izatea.
Xabat Elortza gazteak ere lasterketa bikaina egin zuen: 34:12 denbora markatu zuen eta 6.garren postuan sailkatu zen; gertu jarraitu zion Kamel Zianik, 8. postua iritsi baitzen helmugara, eta 11.a Aitor Rubio izan zen. Imanol Bellidok, berriz, 26. postua lortu zuen, eta Joxe Mari Errasti eta Unai Azkue 35. eta 46. postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Emakumezkoen lasterketan, Amagoia Iribar podiumetik gertu geratu zen, ibilbidea 44 minutuan osatu eta 5. postuan sailkatuta; Ohiane Korresek eta Alaitz Lizasok 46:48 eta 47:49 denborak markatu zituzten hurrenez hurren.
Orioko Atletismo Taldeko arduradunak "oso pozik" daude taldeko kideek Gipuzkoako Txapelketan egindako lanarekin.