Kale garbiketa zerbitzua indartu egin du Orioko Udalak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko urr. 3a, 11:29

Makina Arrantzale Kaleko espaloia garbitzen. Artxiboko irudia.

Kontratu berrian hainbat hobekuntza garrantzitsu gehitu ditu udalak eta horrek kale garbiketa zerbitzuaren kostua handitzea dakar; lehen 300.000 eurokoa zen eta orain 600.000 eurokoa izango da.

Orioko Udalak kale garbiketa zerbitzua lehiaketara atera zuen udaberrian. Hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara eta FCC Medio Ambiente SAU enpresak lortu du puntuaziorik altuena. Hala, osteguneko udalbatzarrean egin zen bozketa eta aho batez onartu zuen udalbatzak Orioko udalerriko kale garbiketa zerbitzua FCC Medio Ambiente SAU enpresari esleitzea.

Ainara Munduate zinegotziak udalbatzarrean azaldu zituen zerbitzu berriaren nondik norakoak, eta adierazi zuen azken hamarkadan "herria hazi eta auzoak aldatu" egin direla, eta horrek "behar berriak sortu" dituela kale garbiketa arloan. "Saiatu gara plegu berriekin zerbitzua herriaren errealitate berrira egokitzen. Lau ardatz hartu ditugu zerbitzua hobetzeko. Batetik, makineria zaharkituta zegoen eta berria erosi beharko du zerbitzua esleitu zaion enpresak. Pentsatzen dugu horrekin garbiketa hobea eta azkarragoa izango dela. Bestetik, hondartzaren garbiketa indartu egingo dugu eta aurreratzean Aste Santutik irailera bitartean garbituko da". Horrez gain,  auzoz-auzoz azterketa egin du udalak "auzo bakoitzaren beharrak ezagutzeko", eta horren arabera moldatu da garbiketa zerbitzuaren nolakotasuna eta maiztasuna. Gainera, lur azpiko edukiontzien garbiketa ere txertatu dute kale garbiketa zerbitzuaren barruan, eta langileen baldintzak bermatze aldera pleguak ere sortu dituzte.

Kontratu berrian gehitu dituzte aipatutako hobekuntza horiek, eta horrek kale garbiketa zerbitzuaren kostua handitzea dakar; lehen 300.000 eurokoa zen eta orain 600.000 eurokoa izango da. "Uste dugu behar-beharrezkoa dela, eta zerbitzuetan ez dugula murrizketarik egin behar. Hala ere, kontziente izan behar dugu zerbitzuen kostua goraka doala eta udalak bere gain hartu behar dituela", argitu zuen.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide