Orioko Udalak herriko skate-parkea berritzeko lanak abiatu zituen uztailean, eta lehen fasea burutu ondoren, orain bowla eraikitzeari ekin diote. Orioko Udalak jakinarazi du aurreikuspenen arabera, urriaren erdian bukatuko dutela instalazio osoa.
Skate-parkearen berritze-lanekin erabiltzaile guztiei zuzendutako gunea sortu nahi izan du udalak; "kirol-modalitate honetan aspalditik dabiltzan herritarrei eta lehen urratsak egin nahi dituzten gazteei baliagarria izango zaiena", nabarmendu dute. Hala, lehen fasean, skate-park zaharraren zati bat berritu dute, eta eremu berri bat sortu, street edo kaleko modalitatean aritzen direnentzat.
Bigarren fasean, aldiz, bowl bat eraikiko dute, 1,25 metroko sakonerako katilu itxurako skate-pista bat, hain zuzen ere.