Surf Channel etxeak ekoitzi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako Gipuzkoa Surf Trip dokumentala aurkeztuko dute bihar, Zarauzko Modelo aretoan. Ikus-entzunezko honetako protagonista nagusiak dira Sonia Ziani surflari oriotarra eta olatu handietako surflari Nic Von Rupp portugaldar-alemaniarra. Edonola ere, hainbat gonbidatu izango dituzte: Adur eta Iker Amatriain, Indar Unanue eta Janire Gonzalez-Etxabarri, esaterako
Filmaketa saioekin martxoaren amaieran hasi ziren, eta bikote protagonistak Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia, Hondarribia eta Hendaia bisitatu zituzten furgoneta batean. Betiere surfaren munduarekin zerikusia duen kultura oro jasotze aldera: musika, skate, taulen ekoizpena, surf eskolak... Dokumentala horren guztiaren isla da.
Emanaldia 18:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.