'Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean' kanpainak Orion egingo du parada

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 21a, 09:30

'Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean' kanpaina.

Orioko Antilla hondartzan izango da informazio gunea uztailaren 31tik abuztuaren 6ra. Aste horretan, hainbat ekintza egingo dituzte hondakinen gaikako bilketaren inguruan eta ozeanoetako plastikoek duten eragina ikusarazteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailak eta Emaus fundazioak Zu zeu zara poesia hondartzan birziklatzen duzunean kanpaina jarri dute martxan. Uztailaren 3an abiatu zuten kanpaina Deban, eta abuztuaren bukaera arte, Gipuzkoako kostaldeko zortzi udalerrietatik igaroko da; tartean, Orion egingo du parada. Hain zuzen ere, Orioko Antilla hondartzan uztailaren 31tik abuztuaren 6ra jarriko dute informazio gunea.

Aste horretan hainbat ekintza egingo dituzte hondakinen gaikako bilketaren inguruan, eta ozeanoetan plastikoek duten eragina ikusarazteko. Hala, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00ak arte, haurrentzako tailerrak emango dituzte, eta zaborra hondartzan uzteak eta ez bereizteak itsasoan dituen ondorioak landuko dituzte haiekin.

Larunbatean, berriz, kaleko antzerkia izango da 17:00etatik aurrera, Indigo Produkzioak-en eskutik. Kutsaduraren eta herritarren inplikazio faltaren arteko lotura ikusaraziko dute, mezu itxaropentsua helaraziz.

Igandean, azkenik, Mater Museoak antolatutako Herritarren Zientzia saioa egingo da, helduei zuzenduta. Hondarretan dauden mikroplastikoen analisia egingo dute lehenik, eta itsasoan aurkitutako zaborraren inguruko hausnarketa ondoren, hondakinekin osatutako Zabor eta Bio erraldoien bidez. 17:00etatik 20:00ak arteko tartean izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide