Epai ororen aurrean, euskaraz

Jabi Gonzalez Toston 2023ko uzt. 19a, 10:00

Euskalgintzaren Kontseiluko eragileak, alkateak eta udaletako ordezkariak Bilboko agerraldian. (Euskalgintzaren Kontseilua)

Aspalditik zeuden haserre erakunde eta elkarte euskaltzaleak justiziarekin. Espainiako Konstituzio Auzitegiaren azken ebazpenak "marra gorria" gainditu du.

Espainiako Konstituzio Auzitegiak  Euskal Autonomi Erkidegoko udal legearen 6.2 artikulua ezeztatzeko duela bi aste kaleratutako epaiak zeresana ematen jarraitzen du. Aipatu artikuluak eskumena ematen die udalei beraien funtzionamendurako agiriak –aktak eta txostenak, besteak beste– euskara hutsean jasotzeko, eta hori konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi izanak protesta oldea ekarri du: Usurbilen, agerraldi jendetsua egin zuten uztailaren 7an Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko hautetsiek,  eta, Bilbon, beste horrenbeste egin zuten joan den astean hamarnaka udaletako ordezkariek, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta.

Horiez gain, Urola Kostan ere egin dituzte epaiari aurkakotasun irmoa adierazteko protestak. Zarautzen, joan den asteko astelehenean egin zuten elkarretaratzea Zirika euskara elkarte sortu berriak deituta, eta datozen egun eta asteetan ere egingo dituzte gehiago eskualdean. Tokiko euskara elkarteek deitu dituzte horiek ere: bihar, Zumaian egingo dute, eta datorren asteko ostegunean, hilaren 27an, Azkoitian. Maxixatzen elkarteko idazkari Julen Garatek azaldu duenez, "ahalik eta atxikimendu zabalena lortzeko" atzeratu dute mobilizazioa.

Garatek zehaztu du, halaber, hiru asmo dituela datorrena asteko protestak: "Batetik, gure haserrea eta kezka plazaratzea; bestetik, aurrera begira jartzea eta bakoitzak bere esparrutik lanean jarraitu dezala eskatzea  –udalei eskatuko diegu hartu ditzaketen neurri juridikoak hartu ditzatela eta ongi prestatu daitezela–; eta, azkenik, desobedientzia zibilera jotzeko aukera  mahai gainean jartzea, egoerak okerrera egiten jarraitzen badu".

Ez dute epaia beteko

Zentzu horretan, Uemak jada adierazi zuen orain arteko bideari eutsiko diola eta ez duela epaia beteko. Ildo beretik mintzatu da agerraldi hartan nahiz Zarautzen eta Bilbon egindako protestetan parte hartu duen Irune Urbieta Zarauzko Euskara zinegotziak ere: "Euskaraz jarraituko dugu lanean. Udalerri euskalduna da gurea, eta herriko errealitate soziolinguistikoa islatzen du udalaren jardunak. Guk euskaraz egiten dugu lan, eta udaleko langile nahiz ordezkarien arteko hizkuntza euskara izan arren, herritar bakoitzari hautatzen duen hizkuntzan ematen diogu zerbitzua, euskaldunari euskaraz eta euskalduna ez denari elebitan".

Hori horrela, Goizane Arana Uemako teknikariak nabarmendu du udal legeak ez duela "inoren hizkuntza eskubiderik urratzen". Horregatik, iritzi dio Konstituzio Auzitegiaren epaiak "marra gorria" gainditu duela.

Epaia ez betetzeak ekarri ditzakeen ondorioak zein izan daitezkeen ez daki Aranak, baina edozein direlarik ere Urbieta zinegotziak argi dio: "Udalaren aurkako salaketa jarriz gero, lehen bezala, epaitegietara jo beharko dugu euskaraz lan egiteko eskubidearen defentsan. Hori, noski, euskararen normalizazioaren aldeko lanean eragozpena da, galga". Urbietak azpimarratu du, halaber, balizko bide judizial hori ez luketela bakarrik egingo: "Elkarretaratzeetan erakutsi dugun bezala, bat eginda jardungo dugu, indarrak metatuz eta erantzun kolektiboa emanez, nork bere errealitatetik".

"Oldarraldi judiziala"

Uemako teknikariak nahiz Maxixatzeneko idazkariak gogoratu dutenez, "euskararen kontrako" sententzia gehiago ere iritsi dira epaitegietatik azken boladan.  "Oldarraldi judiziala" adiera ere erabili du Garatek eta hainbat epai zerrendatu ditu: "Ez da zerbait isolatua, udaletako lan poltsekin gertatu berri denak eta aurrez Irunen Udaltzaingorako deialdiarekin edota Laudion (Araba) euskaraz ez zekien langile publikoaren kargugabetzearekin gertatutakoek hori berresten dute. Horren guztiaren atzean badago zerbait gehiago".

Ildo beretik, Aranak  dio, batez ere, hizkuntza eskakizunekin lotutako epaiek jada iradokitzen zutela bazetorrela zerbait: "Eskaladan joan den zerbait izan da eta sumatzen da badagoela nolabaiteko mugimendu politiko bat beldurrik gabe adierazten ari dena euskarak bigarren mailan egon behar duela".

Harago ere joan da Garate, eta ondorengo azaldu du: "Gutxitutako hizkuntza izan da beti euskara eta hainbat aurreiritziri egin behar izan die aurre: linguistikoak, kulturalak, jakintza arlokoak... Guztiak gainditu ditu eta epaitegien bidea baino ez zaie geratu oztopoak jartzen segitzeko. Gainera, interpretazio okerra eta interesatua egin dute  udal legea antikonstituzionala dela ebazteko. Diote gaztelania diskriminatzen duela eta diskriminatuak euskaldunak izan gara beti". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide