Asteburuan Bisiguaren Festak eta traineru estropadek bat egin zuten Orion, eta Orio Arraunketa Elkarteko bi taldek lortu zuten etxeko banderak irabaztea, emakumezkoen talde nagusiak eta gizonezkoen bigarren taldeak. Orioko banderen aurkezpenean Orio Arraun Elkarteko presidente Iosu Esnaolak aurreratu zuen etxeko banderak "bereziak" izaten direla arraun taldeentzat, "zaleen babesa" sentitzen dutelako arraunlariek. Hala, Orioko emakumezkoen talde nagusiak ez zuen hutsik egin. Garaipen gosez atera ziren neskak uretara igandean, larunbatean Bilbon jokatutako jardunaldian hirugarren postuan sailkatuta; herenegun, ordea, nagusitasun osoz gailendu ziren etxean jokatutako lehian. Itsaso bizia izanagatik, bikain aritu ziren mirotzak. Bigarren txandan jokatu zuten, eta lehen luzean Arraun Lagunak-ekin izan zuten lehia estua. Ziabogan bi segundoko aldea ateratzea lortu zuen Oriok, eta bigarren luzean hartu zituen mendean gainerako traineruak, bederatzi segundoko aldea atera baitzion ligan liderra den Arraun Lagunak-i. Nadeth Agirre oriotarren patroia "gustura" dago garaipenarekin, "etxean irabaztea beti delako berezia". Agirrek aitortu du "Orioko arraunketa eremua nahiko zaila" dela, "olatua albotik" sartzen delako. "Guk eremu horretan entrenatzen dugunez, ondo ezagutzen dugu, eta bagenekien guztiontzat exijentea izango zela. Kanporantz pare-parean joan baginen ere, lortu genuen bueltan aurkariei aurrea hartzea, eta gustura gaude". Adierazi du estropada bukatu zenean ez zituztela sentsazio onak izan, baina telebistaz ikusi zutenean, "ondo moldatu" zirela konturatu ziren.
Euskotren Ligari erreparatuz gero, "oso estu" dago sailkapena. "Estropadaz estropada joan behar dugu. Liga irabazteko borrokan egon nahi badugu, badakigu ezin dugula hutsik egin, eta estropadaro gure onena ematera aterako gara", aditzera eman du patroiak.
Bestalde, Orioko Euskotren Ligako estropadan izan zen ezustekorik. Izan ere, epaileak Donostiarra taldea kaleratu egin zuen, estropada jokatzen utzi gabe. Antza denez, araudiak dio 50 kilo dela patroiek gutxienez izan behar duten pisua, eta pisu horretara iristen ez diren patroiek mugara iristeko gainkarga edo lastrea eraman behar izaten dute uretaratzen direnetik lehorreratu bitartean. Hala, epaileak Donostiarra taldeko patroiari bere gainkarga erakusteko eskatu zionean, ahaztu egin zuela ohartu zen patroia, eta epaileak bandera berdea atera zion, taldea estropadatik kanpo utziz.