Garaipen garrantzitsua lortu du Orio Orialkik Zierbenan

Onintza Lete Arrieta 2023ko uzt. 9a, 12:26

Nadeth Agirre patroia, gaur, bandera astintzen. (Euskotren liga)

Lehia bizi-bizia jokatu dute oriotarrek Bizkaiko uretan gaur eguerdian, eta azkenean, sariarekin itzuliko dira etxera, bandera eskuratuta. Azken luzean borroka latza izan dute Tolosaldeak, Arraun Lagunakek eta Oriok, baina oriotarrek ez dute amore eman.

Iaz Zierbenako (Bizkaia) bandera oriotarrentzat izan zen, eta baita aurtengoan ere. Lehia estu-estua jokatu ondoren, saria Orio Orialkirentzat izan da, eta pozarren ospatu dute garaipena oriotarrek.

Ohorezko txandan, estropada hasiera ona izan du Oriok, aurrena jarri da, baina gero Arraun Lagunak taldeak hartu dio aurrea, eta azken luzean borroka handia egon da bi talde horien eta Tolosaldearen artean. Atzoko txapelduna, Donostiarra, oso atzean gelditu da gaurkoan, eta beste hiruren artean egon da banderarako lehia.

Estropada amaitu berritan, gustura zen Nadeth Agirre patroia. Atzoko sentsazio txarrak uxatzeko balio izan die gaurko jardunaldiak, baina Agirrek badaki aurtengo ligan lan asko egin beharko dela eta ezer ez dagoela irabazita: "Azken hiru estropadetan hiru garaile desberdin egon gara. Uste dut liga horrela joango dela, eta edozer gerta daitekeela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide