Bihar Arrantzale Eguna izango da herrian, eta ekimena antolatzeaz arduratzen den taldeak egun osoko egitaraua prestatu du. Apirilean hasi ziren entseguak egiten, eta kalejiraren eta ikuskizunaren bidez, herriko arrantzaleei eta saregileei egingo diete aitortza. Guztira, 140 herritar inguruk parte hartuko dute: 80 lagun dantzan; 25 kantuan; 10 lagun inguruk arrantzako gurdiak eramango dituzte, eta elkarte gastronomikoetako kideek ere sardina erreak prestatuko dituzte. Gainera, Pello eta Nikolasa erraldoiekin aritzen den taldeak ere parte hartuko du jaian.
Arrantzale Egunarekin bukaera emango zaie San Pedro jaiei, eta oriotarrak festan parte hartzea nahi dituzte antolatzaileek. Etxeetako balkoiak eta erakusleihoak arrantzale munduko elementuekin apaintzeko deia ere egin dute.
Hona hemen Arrantzale Eguneko Programa
- 11:00. Kalejira: Kultur etxetik aterako da eta herriko kaleetan barrena ibiliko da, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin batera. Geldialditan, dantzak eta kantuak izango dira eta herritarrek aukera izango dute parte hartzeko.
- 12:00. Sardina-jana kalean: Herriko elkarte gastronomikoek prestatuta, herriko hainbat puntutan.
- 13:00. Ikuskizuna: Arrantzaleei ongietorria, saregileak, sardinerak, batelerak… Abesbatza eta Kaxarranka dantza ere izango dira, Herriko Plazan.
- 14:30. Arrantzale Eguneko bazkaria: Benta Zaharreko Mutiko Alaiak musika jarrita, Herriko Plazan.
- 18:00. Erromeria: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Herriko Plazan.