Frantziako Tourrak eskualdeko hainbat herritan eragina izango du trafikoan

Aritz Mutiozabal 2023ko eka. 29a, 12:30

Frantziako Tourraren aurtengo ekitaldia Euskal Herrian hasiko da, eta lehengo hiru etapak euskal lurretan jokatuko dira, uztailaren 1etik 3ra. Asteleheneko etapa, hain justu ere, eskualdetik igaroko da, eta eragin nabarmena izango du trafikoan.

Getaria. N-634 errepidea erabat itxiko dute 11:30etik 15:30era, autoentzat zein oinezkoentzat. Oinezkoek Indauxeko etxeen azpiko pasabidea erabili beharko dute, alde zaharrera pasatzeko. Meagako errepidea irekita egongo da, alternatiba gisa.

Orio. Txirrindulariak 15:10-16:10 artean pasatuko dira Oriotik. Horregatik, N-634 errepidea eta Igeldoko errepidea 12:00etatik 17:00ak arte egongo dira itxita. Tarte horretan, ezin izango da herritik irten edo herrira sartu, antolakuntzako eta parte hartzaileen ibilgailuak etengabe pasatuko baitira ibilbidetik. 

Zarautz. 15:10 inguruan iritsiko da tropela Getariatik. Edonola ere, 11:30etik hasi eta lasterketa igaro bitartean N-634 errepidea itxita egongo da ibilgailuentzat eta oinezkoentzat. Denbora tarte horretan, AP-8 autobidea erabili beharko da Zarauztik irteteko nahiz hara sartzeko. Oinezkoek, berriz, Nafarroa kaleko hiru azpibideak erabili beharko dituzte N-634 errepidea zeharkatzeko: San Frantzisko kalekoa, Sanz Eneakoa eta Iñurritzakoa, alegia. Egun bat lehenago ezingo da aparkatu, errepideko elementu guztiak kendu egingo dituztelako. Horrenbestez, eta lan horiek aurrera eraman ahal izateko, 
uztailaren 2ko –igandeko– 22:00etatik ezingo da ibilgailurik utzi Nafarroa kalean. Bestalde, lasterketak Hiribusaren ibilbideetan eta ordutegietan ere eragina izango du.

Zestoa. Arroabea auzora ezingo da sartu edo handik atera 11:35etik 16:00etara. Autoa Sansinenea industrialdean utzi beharko dute ordutegi horren barruan mugitzeko beharra dutenek. Industrialdetik AP-8 autopistarako sarbidea eta Zestoako errepidea (GI-631) irekita egongo dira.

Zumaia. 11:30etik 15:30era bitartean trafikoa guztiz itxita egongo da. Ordu tarte horretan, ezin izango da autoz Zumaiara sartu, ezta Zumaiatik atera ere. Gainera, herria bitan zatituta egongo da autoentzat zein oinezkoentzat. Autobus zerbitzua ere etenda egongo da, eta Zumaiatik joan-etorriak egiteko aukera bakarra trena erabiltzea izango da. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide