Karmele Aranburu kazetari oriotarra hil da

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko eka. 22a, 19:29

Karmele Aranburu. (Eitb)

Hiru hamarkadaz Herri Irratiko albistegietako arduraduna izan zen.

Karmele Aranburu kazetari oriotarra hil da minbiziaren eraginez, 65 urterekin. Herri Irratiko entzuleen artean oso ezaguna zen Aranburu, albistegietako arduraduna izan zelako hiru hamarkadetan zehar.

2015ean Berria egunkariari emandako elkarrizketa batean aitortu zuen haurra zenetik izan zuela kazetari izateko grina. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen kazetaritza ikasketak eta 19 urterekin Herri Irratian hasi zen bekadun; oso gazterik, 21 urterekin, albistegiak zuzentzen hasi zen Koldo Ordozgoitirekin.

Herri Irratiko ibilbidea bukatukoan, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako komunikazio zuzendaria izan zen, 1996tik iaz erretiroa hartu zuen arte. Eta Euskadi Irratiko albistegien koordinatzailea ere izan zen 2010etik 2013ra bitartean.

Orion ere "oso ezaguna" zen Karmele Aranburu, eta oriotar "peto-petoa" zela nabarmendu du Iñaki Iturain Karkarako sortzaile eta kolaboratzaileak. "Bihotzean zeraman beti Orio", azaldu du. Aranburu Anjeloriyoneko denda zenaren gainean jaio zen, gaur egun Gure Txoko tabernaren dagoen kokalekuan. Bere aita Usurbilgo udaletxeko idazkaria zen eta gaztea zela joan zen familia bizitzera Donostia. Karkaran  ere idatzi zuten artikuu bat herriko kultur giroaren inguruan, eta azken urtetan Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako komunikazio zuzendari zela proposatu izan zen Orioren inguruko saioren bat antolatzea, herriaren historia eta istorioak ardatz hartuta. Hortaz, hil zen arte bihotzean eraman zuen jaioterria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide