Gaur jokatu da Gipuzkoako Traineru Txapelketa Zarautzen, eta Orioko emakumezkoak bigarren sailkatu dira, Donostiarra taldetik bi segundo eta erdi eskasera. Nadeth Agirre oriotarren patroiak estropadaren balorazioa egin dio hedabide honi, eta azpimarratu du gaurko saioak "ikasteko" balioko diola taldeari: "Kanpoko luzea oso gustura egin dugu, baina gero bukatzeko presa sartu zaigu. Denboraldiko aurreneko estropada izan da, eta ikasteko balioko digula uste dut", azaldu du.
Galtzeko denborarik ez du taldeak, datorren asteburuan Euskadiko Txapelketa jokatuko dutelako: "Orain Euskadiko Txapelketan pentsatu behar dugu, baita laster hasiko den ligan ere, beste taldeak gerra emateko prest egongo direlako", nabarmendu du Orio Arraunketa Elkarteko patroiak.