Hasi ditu udalak San Martin ermitarako bidea egokitzeko lanak. Orain arte inguru horretako etxebizitzak ez zeuden lotuta herriko saneamendu sare orokorrarekin, eta lan hauen bidez, aukera hori emango zaie bizilagunei. Horretarako, egingo diren lanak izango dira: ur beltzak jasotzeko kanalizazioa egingo da, herriko sarearekin lotzeko; gas naturaleko hodiak sartuko dira; eta airetik doazen kableak (telefoniakoak eta argindarrarenak) lur azpitik eramango dira.
Aste honetan bertan hasi dituzten lanak, hiru fasetan egingo dira. Lehen faseko lanak abuzturako bukatzea aurreikusten du udalak. Fase honetan, Lizargatetik Aldape-Arteta baserrira bitarteko zatia egingo da. Kanalizazio-lanak bukatu ondoren, berriz, bidea asfaltatu egingo da.
Errepidea itxita, ibilgailuentzat
Obrak egiten diren bitartean, bermatuta izango da oinezkoen pasaera, baina errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat, bertakoentzat izan ezik. Gainerako ibilgailuek, berriz, Txanka-hondartzatik barrena egin beharko dituzte joan-etorriak.
Lanak Eregi enpresari adjudikatu zaizkio eta 435.000 euroko kostua izango dute (BEZik gabe).