18 eta 20 urtez azpikoen kategoriako Euskadiko Atletismo Txapelketa jokatu zen asteburuan Donostian, eta Orioko atletismo taldeko kideek emaitza onak lortu zituzten: Lucia Paradak, Sunhai Huegunek eta Xabat Elortzak urrezko domina irabazi zuten eta Ibai Agirrezabalek zilarrezkoa. Paradak eta Agirrezabalek 400 metrotako lasterketetan parte hartu zuten, 18 urte azpikoen kategorian; Huegun 800 metroko lasterketan aritu zen, 18 urtez azpikoen kategorian eta Elortzak, berriz, 3.000 metroko oztopo-lasterketan, 20 urtez azpikoen kategorian.
Pistan ez ezik, Orioko Kamel Ziani Atletismo Taldeko hainbat kidek Zegama-Aizkorri mendi lasterketan ere parte hartu zuten asteburuan. Ibai Makazaga 4:33:14 denbora eginda, 57. postuan sailkatu zen; Joxe Mari Errasti 96. postuan, ibilbidea 4:50:35 denboran osatuta, eta Gotzon Iruretagoiena 127.-a izan zen 5:06:01 denbora eginda. Atletismo taldetik azaldu dutenez, Errasti "zortzi hilabetez lesionatuta egon da eta asteburukoa izan da bere lehen lasterketa luzea lesioaren ondoren". Aurtengo edizioan Makazaga eta Errasti bost orduetatik jaitsi direnez, datorren urteko Zegama Aizkorri mendi lasterketan parte hartzeko dortsala lortu dute.