Abiada bizian pasa dira Oriotik Itzulia Women txapelketako txirrindulariak. Igande arratsalde honetan igaro dira, 18:30ak pasatxoan. Igeldotik iritsi dira txirrindulariak Oriora, eta Txanka-hondartzako bidetik barrena, Ortzaikako errotondaraino egin dute bidea eta handik Usurbil aldera hartu dute.
Donostian hasi da gaur jokatu den hirugarren eta azken etapa, eta Gipuzkoako hiriburuan amaitu da baita ere. Hain zuzen ere, Donostiako Klasikoaren ibilbidea egin dute txirrindulariek, Lezotik Jaizkibelera igo eta Murgileko hormatik Mendizorrotzeraino igo dira, ondoren iritsi dira Oriora.
Hirugarren eta azken etapa izanik, gaur argitu da zeinek irabazi duen Euskal Herriko Itzulia; Marlen Reusser izan da irabazlea, hain justu ere.