Zaragueta Herri Eskolako Guraso Elkarteak ostiral honetarako merienda marokoarra eta Quilling tailerra antolatu ditu eskolan bertan, baina "oriotar guztiei irekitako" saioa izango dela nabarmendu dute. 16:30ean emango diote hasiera hitzorduari, eta Chamae Ouladmhanden eskutik pasta eta te marokoarra dastatzeko aukera izango da. Ondoren, 17:00etatik aurrera, Koro Arratibelek Quilling teknikarekin eskulanak egiten erakutsiko die parte-hartzaileei. Antolatzaileek azaldu dute zortzi urtetik gorakoentzat aurreikusitako tailerra dela, baina txikiagoak parte hartu ahal izango dute guraso baten laguntzarekin.