Herriko artistek eta artisauek beren lanak erakutsi dituzte Orioko Artisau Azokan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 7a, 17:00

Aurtengo edizioan, garrantzi berezia izan dute herriko artistek eta artisauek, eta azokara bertaratu direnei beren lanaren nondik norakoak azaldu dizkiete atsegin handiz.

Gaur goizean goizetik giro ederra nabari zen Orioko plazaren bueltan, Orioko Udalak antolatutako Artisau Azokarekin bitxi, ukendu, jantzi eta osagarri, zurezko produktu, talo eta opilek bete baitute eremua. Aurtengoa inoizko parte-hartzaileena izan da, 23 postu bilduz, eta garrantzi berezia izan dute, gainera, herriko artistek eta artisauek; guztiak herriko plazan bildu dituzte, kioskoaren azpian, eta jende asko hurbildu zaie beren lana ezagutzeko asmoz. Han ziren besteak beste, Ostargiko kideak, Antxon Mendizabal Mendi, Zorionek Mendez eta Miriam Garcia. Lan ikusgarriak jarri dituzte eta bertaratu direnei beren jardunaren eta proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiete atsegin handiz. Izan da, jostera, bitxiak egitera edo taloak nola egiten diren ikastera animatu denik ere.

Emakumeen Mahaiak ere jarri du mahai informatiboa Artisau Azokan, Emakumeon Etxea eraikitzen izenburupean, proiektuaren berri eman eta emakumeak parte hartzera eta babesa ematera animatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide