Orioko Herri Ikastola Aste Kulturala ospatzen ari da, eta ekimen sorta antolatu du egunotan. Atzo, esaterako, Munduko Arrozak jaialdia antolatu zuen herriko plazan. Aurtengo herrialde gonbidatua Senegal izan da, eta euskaldunek sukaldatutako paellaz gain, Ikastolako hezkuntza komunitateko parte diren senegaldarrek beren herrialdean tipikoa den Thieboudienne-a prestatu zuten, arroza arrainarekin.
Thieboudienne-a prestaketa lan handia duen platera da, eta ostiral arratsaldea eta larunbat goiza behar izan zituzten eguerdirako dena prest izateko. Hala ere, hartutako denborak merezi izan zuen, bertaratu ziren oriotarrek egiaztatu baitzuten "oso aberatsa" eta "zaporez beterikoa" dela Senegalgo sukaldaritza. Hala, janariaren bidez zubiak eraiki dituzte Orioren eta Senegalen artean, "bi herrien arteko elkar ezagutzan" sakonduz. Hain zuzen ere, guztiak elkarlanean sukaldean aritzeak Ikastolako hezkuntza komunitatea "indartzeko" balio duela uste dute parte-hartzaileek, eta "oso gustura" daude emaitzarekin.
Argazkiak: Orioko Herri Ikastola