Bost urteko itxaronaldia luze joan da arraunzaleentzat, baina itzulera handia izan da. Historikoa eta gogoangarria, nolabait esateko. Orioko Nazioarteko XVIII. Estropadak jokatu dira gaur arratsaldean errioan, eta etxeko bi zortzikoak izan dira garaile, emakumezkoena eta gizonezkoena. Kontuan izan behar da aurten bi kategorietan lehiatu direla zortziko ontziarekin –orain arte emakumezkoek laukoetan jokatu dute–, eta horrek are bereziagoa bihurtu duela garaipen bikoitza.
Herritarrek biziki gozatu dute estropada klasikoarekin, baita herrikoek eman duten erakustaldiarekin ere; eta, nola ez, txapelketaren bueltan antolatu diren ekitaldiekin. Guztira, hamar talde aritu dira nor baino nor arraunean, bosna kategoria bakoitzean,eta 500 metroko distantziako proba jokatu dute lau bider, aldi bakoitzeko sailkapenaren arabera puntuazio jakin bat lortuz. Amaieran, puntu gehien zuena izan da garaile.
Emakumezkoetan, Oriok nagusitasunez ekin dio lehiari, eta lehen bi probak irabazi ditu eta hirugarrenean laugarren izan da. Emaitza horiek nahiko erabakita utzi dute estropada, baina azken proban ez zuen hutsik egin behar. Hasiera xumea egin arren, indartsu bukatu du CN Ampostak (Katalunia), azken bi probetan nagusituz. CN Sevilla (Espainia) eta azken unean Nantes (Frantzia) ordezkatu duen Donostiako Ur Kirolak taldeak gorabeheratsu ibili dira, eta RCF Portuensek (Portugal) erakutsi du aurkaririk xumeena zela.
Gizonezkoen kategorian, berriz, Oriok ez du aurkaririk izan. Lautik lau irabazi ditu, eta probak aurrera joan ahala, arraunlariak berotzen joan diren heinean, hobeto aritu dira. Koska bat beherago aritu dira RC Labradores (Espainia) eta RCF Portuense (Portugal); eta maila apalagoa, berriz, Frantziako bi taldeak, CA Nantes eta AV Grenoblois.
Emakumezkoak (W8+)
1. Orio AE 17 puntu
2. CN Amposta 15 puntu
3. CN Sevilla 13 puntu
4. Ur Kirolak 10 puntu
5. RCF Pontuense 5 puntu
Gizonezkoak (M8+)
1. Orio AE 20 puntu
2. RC Labradores 13 puntu
3. RCF Pontuense 13 puntu
4. AV Grenoblois 8 puntu
5. CA Nantes 6 puntu