Merketegi: "Euskadiko Txapelketa irabazita ametsa errealitate bihurtu dugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko api. 7a, 10:54

Orio Eraginek Euskadiko Txapelketa irabazi du. (Orio Eragin)

Pasa den asteburuan Orio Eragin Eskubaloi Klubeko jubenil mailako taldeak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen. Finalean lau taldetatik hiru bizkaitarrak ziren, baina oriotarrek aurkariak gainditzea lortu zuten. Garaipena "urte askotako lanaren emaitza" dela sentitzen duten taldeko arduradunek.

Pasa den asteburuan, Orio Eragin eskubaloi klubeko jubenil mailako taldeak Euskadiko Txapelketa irabazi zuen, eta jokalariak, entrenatzaileak eta klubeko arduradunak "pozez zoratzen" daude lorpenarekin. Izan ere, Orio bezalako herri txiki bateko eskubaloi taldearentzat Euskadiko txapela lortzea "ikaragarria" dela uste dute. Gari Garagarzarekin batera, Ane Merketegi zarauztarra da taldearen bigarren entrenatzailea, eta azaldu duenez, "harrobiko jokalariekin" iritsi dira horraino, "Orioko, Aiako eta Aginagako jokalariek osatzen baitute taldea".

Denboraldian zehar talde guztiek elkarren aurka jokatu zuten, eta hurrengo fasera pasatzea lortu zuten taldeak bi multzotan banatu zituzten. Hain zuzen ere, multzo bakoitzeko lehen bi taldeak iritsi dira asteburuan jokatu zen lauko finalera. "Aurten lau taldetatik hiru bizkaitarrak ziren, eta gu izan gara gipuzkoar bakarrak. Etxebarrin jokatuko dugu finala, eta bertan zegoen jende asko harrituta geratu zen ez zekitelako Orion eskubaloian jokatzen zenik. Aipatu digute gure taldea jokatzen ikustea gozamena dela eta talde bikaina dela;  guretzat oso garrantzitsua da eskubaloi zaleek gure partidak ikusten gozatzen dutela ikustea".  

Taldeak jokatzen duen bezala jokatzea ordea, "urte askotako lana" dela aitortu du Ane Merketegik. "Bide luzea du taldeak eta ahalegin handia egin dute jokalariek gaur egun duten mailara iristeko. Esaten zuten ez zutela aukerarik izan txapelketarik irabazteko, bigarren geratzen zirelako beti, baina aurreikusten genuen aurtengoa denboraldi ona izango zela, taldeak kalitatea eta esperientzia biltzen dituelako". Urte asko daramate elkarrekin jokatzen, eta entrenatzaileek uste dute bloke izaera hori "oso garrantzitsua" dela talde batentzat. "Horregatik, iruditzen zitzaigun aurtengoa ametsak errealitate bihurtzeko urtea izango zela, eta halaxe izan da". Merketegik aipatu du urte hauetan guztietan taldeak "entrenatzaile asko" izan dituela, eta "horien guztien lanari esker" lortu dela Orio Eragineko jubenil taldeak Euskadiko txapelketa irabaztea.

Taldekako lorpenak ez ezik, bakarka ere emaitza onak lortzen ari dira taldeko jokalariak, Euskadiko eta Espainiako selekzioek deitu izan baitituzte. "Talde honetako jokalari guztiek izugarrizko maila dute. Sei jokalari Euskadiko selekzioan izan dira eta bi jokalari Espainiako selekzioak deitu ditu. Batek badaramatza urte batzuk bertan jokatzen, baina bigarrenari aurten lehen aldiz deitu diote, eta nabarmendu behar dut merezimendu osoz lortu duela".

Portugalen txapelketa

Orio Eragin Eskubaloi Klubarentzat "lorpen garrantzitsua" da jubenil mailako eskubaloi taldeak Euskadiko Txapelketa irabaztea. 2019an sortu zuten kluba, eta ordutik "ahalegin handia eta inurri lana" egin dute herrian eskubaloia sustatzeko. Merketegiren iritziz "klub osoaren talde izaera" da Orio Eraginen "indargunea". "Kadeteek jokatzen dutenean, infantilak partida ikustera joaten dira; jubenilek jokatzen dutenean, berriz, adin guztietako neskak joaten dira beren partidetara. Gure taldea eredu da atzetik datozen jokalarientzat, eta aparteko harrobia du klubak, lortu duelako herriko nesken artean eskubaloiarekiko pasioa zabaltzea".

Hain zuzen ere, Aste Santuetako oporraldian Portugalgo Oporto hirian daude Eragin Eskubaloi Klubeko jokalariak txapelketa bat jokatzen. "Infantil eta kadete mailako bina talde eta jubenilen taldea etorri gara Oportora lagun arteko txapelketa bat jokatzera. Herrialde desberdinetako klubak bildu gara hemen, eta lagunarteko txapelketa bada ere, neska hauek oso lehiakorrak dira eta beti esaten dute Orioko kasta erakustera etorri direla". Hala, oriotarrek mailarik onena eman nahi dute kantxan, egonaldiaz gozatzen duten bitartean. "Adin desberdinetako jokalarientzat oso aberasgarria da egun batzuetan elkarrekin bizitzea. Egonaldi mota hauek taldeak eta kluba sendotu egiten dituzte, neskek denboraldian zehar aukera gutxi izaten dutelako elkarrekin eskubaloia eta aisialdia uztartzeko. Neskak gozatzen ikusten ditut eta horrekin Orio Eragin kluba indartzen ari dela sentitzen dut", aitortu du Ane Merketegik.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide