Oribarzarko hondartzako proiektuaren inguruan azalpenak emateko bilera irekia deitu du Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 30a, 09:00

Oribarzar hondartza. (Orioko EH Bilduk, PSE-EEk eta Orainek bidalitakoa)

Bilera irekia astelehenean izango da, 19:00etan hasita, Orioko Kultur Etxeko areto nagusian.

Azken asteetan zeresana eman du Oribarzarko hondartzaren proiektuak, baita bertan dagoen Txurruka aterpetxearen etorkizunak ere. Hala, Orioko Udalak bilera informatiboa antolatu du astelehenerako, egitasmoaren egoera herritarrei azaltzeko eta haien iritziak jasotzeko.
Hala, gaian interesa duten herritarrak bilerara gonbidatu dituzte; 19:00etan hasiko da batzarra. 

Martxoaren 11n Orioko EAJk ohar bidez jakinarazi zuen "Oribarzarko hondartza berritzeko bederatzi milioi euro eskuratu" dituela EAJk Espainiako Gobernuko aurrekontuan. Antza denez, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikoko Ministeritzaren Kosta zuzendaritzak gauzatu du Oribarzarko hondartza zaharberritzeko proiektua; tartean, Txurruka aterpetxea lekuz aldatzeko proposamena jasota zegoela nabarmendu zuen EAJk: "Oraingo kokalekua ordenazioz kanpo dago. Aterpetxea eraitsi eta berria egiteko sei milioi euro bideratuko dituzte. Beste hiru milioiak, berriz, behar diren azterketak, proiektua eta hondartza berritzeko lanak egiteko izango dira", zehaztu zuten.  

EAJko oharrari erantzunez, EH Bilduk, PSE-EEk eta Orain herri plataformak gaia argitu nahi izan zuten, eta martxoaren 17an oharra bidali zuten Karkara.eus atarira. Hala, azaldu zuten EAJk zabaldu duen oharrak "zehaztasun asko eta oso garrantzitsuak ezkutatzen" dituela. "Ez da egia Oribarzarko hondartza berritzeko bederatzi milioi euro lortu dituenik, diru horietatik gehienak Txurruka eraitsi eta aterpetxe berri bat egiteko direlako. Aterpetxea, gainera, ez da zertan Oribarzarren edo Orion eraiki behar. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakiko du non kokatu aterpetxe berria, eta baliteke Gipuzkoako beste edozein herritan eraikitzea", argitu zuten.

Udaleko hiru udal taldeentzat, diru kopurua baino "askoz garrantzitsuagoa" da Oribarzarren garatu nahi den proiektuan arreta jartzea, eta horretaz EAJk ez duela azalpenik eman azpimarratu zuten. Uste dute "EAJk kudeaketa oso txarra" egin duela gai horren inguruan, eta 2020ko otsailaren 18tik 2021eko urrira bitartean Oribarzarko hondartzaren proiektuaren inguruan izandako gorabeherak zerrendatu zituzten oharrean. "2023ko martxoaren 3an, Kosta Zerbitzuak Oribarzarrerako proiektua bidali dio udalari, eta denon eskuragarri dago bulego teknikoan. Proiektuak ez du alternatibarik eskaintzen, eta proposatzen du Txurruka aterpetxea eta haren aurreko errepide zatia eraistea, ingurua hondarrez betetzea, aparkatzeko gunea desagertzea, eta hondartzaren bi aldeetan dike bana eraikitzea. Orain, zabalik dago epea, proiektuari alegazioak aurkezteko".

Horren aurrean, 2023ko martxoaren 14ra arte, bi Hirigintza batzorde egin dituzte udalean  gaia aztertzeko, eta erabaki dute Kosta Zerbitzuari eskatzea alegazioak aurkezteko epea luzatzeko, "Oribarzarreko proiektua merezi duen patxadaz aztertzeko, oriotarren iritziak ezagutzeko eta bi dike horiek izango lituzketen ondorioak aditu gehiagorekin kontrastatzeko".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide