Zurrunka Teatroak Gure kanoa txotxongilo emanaldia eskainiko du apirilaren 1ean, larunbatean, Orioko Kultur Etxean, 17:30ean hasita. Ikuskizunak Senegalgo Abba haurraren istorioa kontatzen du. "Abba Senegalgo arrantzale familia batean jaiotako haur ausart eta xarmagarria da. Arrainen Etxean arrantza egiten jarraitu ahal izateko, ikaragarrizko abentura batean murgilduko da, eta Maam Kumbaren ahotsa Izaroren herrira eramango du, bi kulturen arteko lotura eginez", azaldu du Orioko Udalak bere atari digitalean. Migrazioa, bi hemisferioetako herrialdeen arteko harremana eta ama lurraren zaintza ditu ardatz ikuskizun dibertigarriak.
Hala, ikuskizuna zuzenean ikusi nahi dutenek sarrerak salgai dituzte internetez, bost euroan. Baita, kultur etxean bertan ere.