111 Akademiaren Sarirako hautagaien artean dago Anjel Lertxundi idazle oriotarra, 2022an kaleratutako Desertuan behatxuloa liburuarekin. Guztira, 2022. urtean euskal literaturan argitaratutako lanetatik bost izan dira irakurleen libururik gustukoenak: Lertxundiren lanaz gain, Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea, Nerea Ibarzabalen Bar gloria, Aingeru Epaltzaren Erretzaile damutuen konpainia eta Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori.
Lehen txandan, bost lanetako batek ere ez du jaso boz guztien % 30 baino gehiago; horregatik, Akademiaren arautegian zehaztutakoari jarraituz, bigarren bozketa txanda egingo dute bost lan horien artean. Akademiakideek martxoaren 26a baino lehen eman beharko dute botoa. Hautagaietako batek bozen %40 jasoko balu, huraxe izendatuko dute saridun, bestela, bi lan bozkatuenak pasatuko dira finalera. Apirilean jakingo da nork irabazten duen 2022ko 111 Akademia Saria.