Hemen da Espainiako Ergometro Txapelketa

Andrea Zipitria 2023ko mar. 3a, 14:15

Orio Arraunketa Elkarteko eta arraun federazioetako kideak, Arraunetxen. (Orio Arraunketa Elkartea)

Espainiar estatu osotik iritsitako 300 kirolari eta 48 klub baino gehiago elkartuko dira bihar eta etzi Karela kiroldegian izango den hitzorduan. 09:00etan hasiko da lehia.

Pasa den asteburuan Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak jokatu ondoren, asteburu honetan Espainiako Ergometro Txapelketa, eta aldi berean, Arraun Indoor opena iritsiko dira Oriora.

Hain zuzen, herriak lehen aldiz hartuko du txapelketa. "Orio Arraunketa Elkartearrentzat eta herriarentzat, noski, aukera paregabea da horrelako ekitaldi bat herrian izatea", azaldu du Iosu Esnaola OAE Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak. "Izan ere, modalitate honetan ibiltzen diren Espainiako onenak gertutik ikusi ahal izango ditugu; tartean, parte hartuko dute Espainiako arraun selekzioko kideek ere".

OAEk Espainiako eta Euskadiko arraun federazioekin elkarlanean antolatu du ekitaldia, eta 300 parte hartzaile eta 48 klub baino gehiago espero dituzte bi egunetan herrian.


Bederatzi kategoria 


Larunbatean 09:00etan ekingo diete probei Karela kiroldegian. Txapelketa bederatzi kategoriatan banatu dute, eta horietako bakoitzean gizon eta emakumeen atalak bereizi dituzte: kimuak, infantilak, kadeteak, jubenilak, 23 urtez azpiko maila, pisu arinak, absolutu maila, arraunketa egokitua eta beteranoak.

Kimu mailako kirolariek 500 metroko probak egingo dituzte; 2.000 metrora arteko distantziak egingo dituzte, berriz, jubenilek, 23 urtez azpikoek, pisu arin, absolutu eta arraunketa egokitukoek; 1.000 metro infantil eta beteranoen mailakoek, eta 1.500 metro kadete mailakoek.

Txapelketa streaming bidez jarraitu ahal izago da Espainiako Arraun Federazioak duen Federemo.org atariaren bidez, eta pantailak jarriko dituzte kiroldegian, emaitzak momentuan bertan erakusteko. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide