Udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako udalekuak antolatuko ditu aurten ere Uemak. Ekainaren 26tik uztailaren 4ra izango da aurtengo edizioa, eta dagoeneko zabalik da izena emateko epea; zehazki, martxoaren 31ra arte izango da horretarako aukera. Uemak izena emateko hiru bide jarri ditu: batetik, Internet bidez egin ahal izango da eskaera; bestetik, 943-81 66 99 telefono zenbakira deituta; eta horrez gain, datuak arnasguneak@uema.eus helbide elektronikora bidalita ere bai.
Aurtengo udalekuak ere ibiltariak izango dira. Hain zuzen ere, Orozkotik (Bizkaia) Dimara (Bizkaia) arteko bidea egingo dute udalekuan parte hartuko duten 120 lagunek. Bizkaiko lau herritatik pasatuko da udalekua –Orozko, Areatza, Otxandio eta Dima–, herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte, eta heri batetik bestera oinez mugituko dira.
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da Salto! izeneko udalekuen xedea. Hala azaldu du Uemak: "Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea lortu eta horrekin efektu biderkatzailea sortu nahi du Uemak udaleku ibiltarien bidez". Gainera, gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea ere badu helburu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, baita gazteek euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusaraztea ere.