Udal eta foru hauteskundeak 2023

Anuska Esnal izango da EH Bilduren alkategaia datozen hauteskudeetan

Mireia Galarza Bastida 2023ko ots. 26a, 17:03

Gaur egun Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren hainbat ordezkarik osatuko dute datozen udal hauteskundeetarako zerrenda, hala nola Ainara Munduatek, Xabier Ibargurenek eta Bittor Andresek. Halaber, aurpegi berriak ere sartuko dira hautes-zerrendan, hain zuzen, Olatz Santamaria, Iñaki Makazaga, Iosu Lizarralde eta Lohitzune Solabarrieta.

Egungo alkate Anuska Esnal izango da Orioko EH Bilduren hautagaia maiatzeko udal hauteskundeetan. Hala iragarri dute gaur Arraunetxen egindako ekitaldian. Hori ez da izan, ordea, goizeko lerroburu bakarra. Izan ere, Beñat Solaberrietak eta Bakartxo Olidenek ez dute taldean jarraituko.

Gaur egun Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduren hainbat ordezkarik osatuko dute datozen udal hauteskundeetarako zerrenda, hala nola Ainara Munduatek, Xabier Ibargurenek eta Bittor Andresek. Halaber, aurpegi berriak ere sartuko dira hautes-zerrendan, hain zuzen, Olatz Santamaria, Iñaki Makazaga, Iosu Lizarralde eta Lohitzune Solabarrieta.

Esnalek azaldu duenez, "helburu pertsonalik gabe herriari ematera datozenak" dira kide berriak. Orain arte udaleko kudeaketan "esperientzia metatu" dutela azaldu du, eta "indar freskoa" emango dietela kide berriek taldeari.  Horren aurrean, alkategai izatea "ilusioz, arduraz eta pasioz" hartuko duela adierazi du Esnalek.

Lau urteen errepasoa

Aurrera begira hitz egiteaz gain, azken lau urteak errepasatzeko ere aprobetxatu du Esnalek. Bere hitzetan, "gauzak beste era batera" egin zitezkeen sinesmenarekin ekin zioten bideari, Oriok "beste udal bat merezi zuela sinestuta". "Herritarrek sinestu zuten gugan, eta historia egin genuen, EH Bilduk lehenengo aldiz irabazi baitzituen hauteskundeak Orion", jarraitu du.

Orainari keinu bat egin dio ondoren. "Gaur hemen gaude, pozik eta ilusioz, baina batez ere biziberrituta", adierazi du. Bere esanetan, lau urte hauetan "gauzak beste era batera" egin daitezkeela erakutsi dute, "pertsonak erdigunean jarrita". Eta egindako hainbat proiektu ere zerrendatu ditu: gizarte zerbitzuak indartzea, berdintasunaren sustapena, herriaren biziberritzea, mugikortasun eredu berrien diseinua...

Datorren legealdia "oso garrantzitsua" izango dela ere adierazi du Esnalek, Oriorentzat "garrantzitsuak" izango diren proiektuak egingo direlako bertan: Dike, Kofradia, Soto eremua, Arozena... "Guk jakintza, ilusioa eta talde bikaina ditugu, eta orain herriaren bultzada besterik ez zaigu falta", gehitu du.

Taldekideen hitzak

Beñat Solaberrietak eta Bakartxo Olidenek "eskerrak" eman nahi izan dizkiete taldekideei. Haien hitzetan, azken lau urteak "ez dira hain errazak" izan, hainbat "buruhauste eta gorabeherarekin" topo egin behar izan baitute, baina bi hitz erabili dituzte lau urteak definitzeko: lana eta lidergoa. 

Azaldu dutenez, "lan asko" egin du taldeak azken urteetan, "ikuspegi ezberdinak" partekatuta, eta betiere herriarentzat lanean. Esnali ere hitz ederrak eskaini dizkiete Solaberrietak eta Olidenek: "Anuska lider paregabea izan da, eta ziur gaude Oriok inoiz izan duen eta izango duen alkaterik onena dela bera".

Olatz Santamariak azaldu duenez, "eskertuta" sentitzen dira taldekideek beraiengan jarritako konfidantzagatik, eta adierazi du "lanerako eta ikasteko prest" daudela. Horretaz gain, "harrotasuna" ere erakutsi du taldekideekiko, eta gaineratu du "datozen proiektuei forma emateko gogo biziz" daudela. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide