Sahararrek beren eguna ospatzen dute otsailaren 27an. Astelehena egokitu da aurten, eta horregatik, asteburura aurreratu dute Sahararen aldeko elkartasun jaia Orion bizi diren sahararrek eta herri horren alde lan egiten duten boluntarioek.
Iaz bezala, aurten ere festak bi zati izango ditu. Batetik, udaletxeko balkoira aterako dira Anuska Esnal alkatea, saharar ordezkariak eta Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ordezkari bana, eta ikurrina eta saharar bandera eskegitzeaz gain, irrintzi bana botako dute saharrek eta bi ikastetxeetako kideek. 13:00etan izango da hori.
Aurrez, baina, 12:00etatik aurrera, nahi duenak eskuragarri izango ditu plazan bertan tea eta kuskus pintxo nahiz errazioak. Pintxoa hiru eurotan salduko dute, errazioa sei eurotan, eta haragi pintxoa nahiago duenak (pintxo morunoa), zazpi euroan izango du hori. Biltzen duten diru guztia kanpalekuetara bidaltzeko izango da, eta han, behar gehien duten familien artean banatzeko.
Tea banatuko dute, eta hennarekin eskuak apaintzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.
Bestalde, azken asteetan janari bilketa egin dute herriko bi ikastetxeetan, eta Sahararen aldeko boluntarioek eskerrak eman dizkiete beren ekarpena egin duten familia guztiei. Bihar plazara joan eta pintxo solidarioak erostera ere deitu dituzte oriotarrak.