Akordioa erdietsi dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Anguleroen Elkarteak, Berria egunkariak gaur jakinarazi duenez. Akordioa angularen arrantza profesionalizatzeko da, eta horri esker, jarduera horrekin jarraitzeko aukera egongo litzateke. Izan ere, Europako Batasunak debekatu egin du arrantzale afizionatuek espezie hori harrapatzea, espeziea desagertzeko arriskuan dagoela argudiatuta.
Angulazaleak beren egoerari irtenbide eske aritu dira azken hilabeteetan, eta orain lortutako akordioaren arabera, jarduera horretan aritzen direnen errolda bat egingo dute, eta hori urtero bidaliko diote Itsasoko Gizarte Institutuari, erregistroan Langile Autonomoen Araubide Berezian arrantzale profesional gisa alta emateko, kolektibo horri buruzko "epigrafe espezifiko batekin". Gainera, AZTI ikerketa zentroa arduratuko da urtero banatuko dituzten lizentziez eta harrapatu ahalko diren angula kopuruak ezartzeaz. Era berean, ikerketa zentroak angularen populazioaren eta harrapaketa kanpainaren iraupenaren jarraipen "zehatza" egingo du.
Horrez gain, akordioak mugatu egiten du angulen salmenta: angulak soilik arrantzaleen kofradietan eta produktu hori merkaturatzeko baimena duten saltokietan saldu ahalko dituzte.