Anibarko portuko segurtasuna eta auzoko irisgarritasuna bermatze aldera, Orioko Udalak hainbat lan egin ditu. Modu horretan, Txanka aldera pasatzeko, semaforoa eta oinezkoen zebrabidea jarri ditu. Horrez gain, 36-39 atarien pareko espaloia berritu du, eta 30-32 atarietako irisgarritasuna hobetu.
Auzoko argiztapena ere berritu egin da hainbat puntutan, eta zaborrentzako gune berri bat egokitu da N-634 errepidearen alboan. Hala, zaborra jasotzera datozen kamioiek ez dute auzora sartu beharko, eta bizilagunentzat erosoagoa izango da.
Auzotarrentzat lokal bat
Bestalde Anibarko portuan bertan, auzotarrentzako lokal bat egokitzeko lanak egingo direla azaldu du udalak. Aste honetan hasiko dira horretan, eta 48.000 euroko aurrekontua izango dute. Bestetik, gazteei zuzendutako sei apartamentu dotazional prestatzen ari da bertan Jaurlaritza azarotik. Lanak datozen hiletan amaituko dituztela aurreikusi du Udalak, uda aurretik.
Aipatutako lanak bukatutakoan, 2023ko bigarren seihilekoan, haurrentzako parkea berritzeko lanak jarriko dira martxan. Horretarako, 70.000 euroko partida onartu zuen udalak, aurrekontuetan.