AP-8 autobidean, Orio parean, segurtasuna hobetzeko obrak egingo ditu Aldundiak

Andrea Zipitria 2023ko urt. 27a, 15:36

34. eta 35. kilometroen tarteko eremua. (Google Maps)

Bilborako noranzkoan, 34. eta 35. kilometroen artean egingo dira lanak. Hiru erreitik bitara pasatzen den eremua, aurreratu egingo dute 750 metro, segurtasuna bermatzeko. Gaur atera dute lizitaziora proiektua, 456.918 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZa). Aurreikuspenen arabera, hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegi foru sozietatearen bitartez, argi berdea eman dio Orioko lotunearen (Bilborako norabidean) ondorengo bihurguneen segurtasuna hobetzeko obrari. Azaldu dutenez, gaur egun, "gidari batzuk hirugarren erreia ia amaitu arte ez dute alboko erreira aldaketa egiten eta, batzuetan, ezusteko maniobrak egiten dituzte bihurgune betean eta abiadura handian". Egoera horiek ekidin nahi dituzte. Hala, gaur atera dute lizitaziora AP-8an, Orion, bide-segurtasuna hobetzeko proiektua.

Lanak, asteburuan

Esku-hartzea 34. eta 35. kilometroen artean egingo da, Bilborako noranzkoan. Aurrekontua, berriz, 456.918 eurokoa (gehi BEZa) izango da eta hasierako aurreikuspenen arabera, hiru hilabeteko iraupena izango dute obrek. Hirugarren erreiaren amaiera 750 metrotan aurreratzea aurreikusten dute, bihurguneen erradioak handituko dira eta trazadura leunduko da. Zorua ere berritu egingo da.

Trafikoari ahalik eta gutxien eragiteko, lanak asteburuetan egitea aurreikusten da; ez du eragingo Orioko irteeran.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide