19 urteko kartzela zigorra ezarri diote Asier Ezeizari Juan Priederen hilketan parte hartzeagatik

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 11:44

Juan Priederi omenaldia, haren erailketaren 20. urteurrenean.

Epaiketan zehar, Ezeizak onartu egin zuen Juan Priede zinegotzi oriotarraren hilketan parte hartu zuela, baina zehaztu zuen bere parte hartzea ez "ez zela oinarrizkoa" izan. 

Espainiako Auzitegi Nazionalak 19 urteko kartzela zigorra ezarri dio Asier Ezeizari, Juan Priede zinegotzi sozialista oriotarraren hilketan parte hartzeagatik. Horrez gain, EFE agentziaren arabera, Priederen seme-alaba bakoitzari 80.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio Ezeizak.

ETAk 2002an tiroz hil zuen Orioko Udaleko PSE-EEko zinegotzia, 69 urte zituela, Gure Txoko tabernan. Abenduan izan zen epaiketa, eta abenduaren 23an jakinarazi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak sententzia. Epaiketan zehar, Ezeizak onartu egin zuen Juan Priede zinegotzi oriotarraren hilketan parte hartu zuela, baina zehaztu zuen bere parte-hartzea "ez zela oinarrizkoa" izan, alegia,  "bigarren mailakoa" izan zela. Epaian, auzitegiak zehaztu du hilketaren egileak autoz leku batetik bestera eraman zituela Ezeizak, eta auzitegiak uste du ekintza horiek "beharrezko kooperazio kontzeptutik gertu" kokatzen direla, eta ez zirela "bigarren mailakoak" izan, akusatuak azaldu zuen bezala.

Auzitegiak ezarritako 19 urteko kartzela zigorra bat dator, fiskaltzak, akusazio partikularrak eta Ezeizaren defentsak berak eskatutakoarekin.

Asier Ezeiza 2008an atzeman zuten Frantziako Dijon hirian ETArekin lotura izateagatik, eta bertako espetxeetan zigorra bete ondoren, Frantziak Espainiaren esku utzi zuen 2020an.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide