Gaur piztuko dituzte Gabonetako argiak Orion. Beste urtetan lehenago piztu izan dira, baina gaur egun bizi den "energia-krisia dela eta, kontsumo arduratsua sustatzeko, argien piztuera ahal beste atzeratzea" erabaki du udalak.
Bestalde, Gabonetako argiak erostearen alde egin du berriz. "Aurreko urteetan herriaren izaerari lotutako apaingarriak egin ziren, eta aurtengoak, ostera, Gabonetako irudi klasikoagoak dira: izarrak, eta abar. Nolanahi ere, Udalak erositakoak dira guztiak", azaldu dute udaletik. Erosi dituzten argi guztiak LED motakoak dira, kontsumo txikikoak.
Hauek dira Arkupe merkatarien eta ostalarien elkartearekin elkarlanean argituko diren lekuak: Arrantzale eta Eusko Gudarien kaleak, arrantzaleen baporeak, plazako kioskoa, Mutiozabal ontziola, Kale Nagusia… Eta aurten aurreneko aldiz, Anibarko Portua eta Goiko kalea. Gainera, balea handi bat jarri dute herrigunerako sarreran.