Imanol Alguacilek Realeko entrenatzailea izaten jarraituko du 2024-25 denboraldia amaitu arte. Reala eta entrenatzaile oriotarra kontratua luzatzeko akordio batera iritsi dira, eta azken lau denboralditan egindako lanari jarraipena emango dio horrela. Orioko prestatzaileak 199 partida zuzendu ditu lehen taldean eta 94 garaipen lortu ditu. Gainera, Imanol Alguacilek Europako Txapelketarako sailkatu du taldea hiru urtez jarraian, eta Errege Kopa bat ere irabazi du. Orain, beste bi denboralditan luzatu du talde txuri-urdinarekin duen kontratua.