Gustura dira Ospele elkarteko ordezkariak. Izan ere, Orioko pilota elkarteko pilotariek pasa den asteburuan hainbat partida erabakigarri jokatu zituzten, eta emaitza onak lortu dituzte horietan.
Alde batetik, Lizaso-Aldalur bikoteak gomazko paletako 2. mailako jaitsierako joaneko norgehiagoka jokatu eta 18-25 irabazi zuen Gaztelekuko Beloki-Loidi bikotearen aurka. Ostegunean jokatuko dute etxean etorrikoa.
Bestetik, Orbegozo-Aranalde bikoteak eskuzko 1. mailako jaitsierako partida irabazi zuten, 22-14 emaitzarekin Hernaniko Salaberria-Labaka bikotearen kontra, eta datorren denboraldian ere 1. mailan lehiatuko dira.
Lertxundi-Contreras bikoteak, berriz, 3. mailako gomazko paletako final laurdena irabazita, final erdietarako txartela eta maila igoera lortu dute. Eta, azkenik, Lertxundi-Albeniz I bikoteak 3. mailako eskuzko ligaxkako azken partida irabazi dute eta final laurdenetarako sailkatzea lortu dute; 22-14 emaitzarekin gailendu ziren Hernaniko Arizmendi-Oiartzabal bikotearen kontra.