Erregeen desfilea antolatzen hasteko lehen bilera egingo dute asteazkenean

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 8a, 09:00

Pandemia garaian atzean gelditu direnez, urtarrilaren 5eko kabalkada ahalik eta herritar gehienen parte hartzearekin egin nahi du udalak. Prestaketei ekiteko asteazkeneko bilera irekia kultur etxean izango da, 19:30ean hasita, eta interesa duten guztiei azaltzeko deia egin die.

Oraindik ia bi hilabete falta diren arren, Erregeen desfilea prestatzen hasi nahi du udalak, eta horretarako, aurreneko bilera irekia antolatu du. Asteazkenean izango da hori, 19:30ean hasita, kultur etxean. Udalak gogora ekarri du, pandemiaren eraginez, orain bi urteko desfilea bideoz jarraitu behar izan zutela herritarrek, eta iaz hainbat ezohiko neurri ezarri zituztela jende pilaketak saihesteko. Aurten, ordea, pandemia gaindituta, Errege Magoen kabalkada inolako murrizketarik gabe egiteko aukera izango da, eta desfilea ahalik eta jende gehienaren parte hartzearekin egin nahi du udalak. Horregatik, interesa duten guztiei egin die asteazkeneko bilera irekira azaltzeko gonbita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide