Gipuzkoako arraun surf txapelketa jokatuko da Orion, larunbatean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko aza. 3a, 08:54

2019an Euskadiko SUP Race txapelketako finala jokatu zen Oria ibaian.

Egun osoko jaialdia antolatu du Gipuzkoako Surf Federazioak txapelketaren bueltan.

Larunbatean, Gipuzkoako 2022 Stand Up Paddle Txapelketa jokatuko da Orion, eta horren bueltan jaialdia antolatu dute Gipuzkoako Surf Federazioak eta Feder Arte Surfing Kultura ekimenak. Arraun surf txapelketak kategoriak guztiak bilduko ditu: Txiki SUP mailan, 14 urtez azpikoak lehiatuko dira: 8, 10, 12 eta 14 urte artekoak. 16 eta 18 urte azpikoek, berriz, helduen mailetan parte hartuko dute.

Orioko proba Gipuzkoan arraun surfa sustatzeko antolatu den zirkuituaren hirugarren hitzordua da. Hala, zirkuitua osatzen dute Hondarribiako Vikingo Egunak, Debako Yako Jaixak eta Orion jokatuko den Gipuzkoako SUP Race Txapelketak. 

Kirola eta kultur uztartuta
Txapelketari 11:00etan emango zaio hasiera, eta Oria itsasadarrean jokatuko da. Gainera, arraun surfa gizarteratzeko beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte egun horretarako: Arraunetxen, arraun surf inklusiboa egingo dute, Miren Zalduak zuzenduta; Orioko Herriko Plazan, berriz, Feder Arte Market azoka edota emakumeei zuzendutako surf skate jarduera izango dira Cyara Palenzuelak zuzenduta, emakumeak skate surfera hurbiltzeko asmoz.

Bestalde, iluntzetik aurrera, DJ emanaldien txanda izango da herriko plazan: 19:00etatik 21:00etara, Open Loeb DJak girotuko du jaialdia; 22:00etatik 23:45era, Koldo Intermusic DJak eta 23:45etik 01:30era, Anartz DJak

EGITARAUA

Azaroak 5, larunbata
09:30etik 10:30era, Izen-ematea Arraunetxen.
10:30. Breafing-a Arraunetxen. 
11:15. Txiki SUP Arraunetxen.
12:00. Federarte Market azoka.
12:30. Gipuzkoako SUP Race Arraunetxetik hasita.
14:30. Herri bazkaria plazan.
17:00. Sari banaketa plazan.
18:00. Emakumeen skate surf jarduera, Yow etxearen eskutik.
19:00etatik 01:30era, DJ emanaldiak: Ope Loeb, Koldo Intermusic eta Anartz

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide