Asteartean 'S(u/a)minetik bakera' dokumentala emango dute kultur etxean

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 23a, 10:00

19:00etan hasiko da emanaldia, eta dokumentala ikusi ostean, Iñaki Peña zuzendariarekin hitz egiteko aukera izango dute kultur etxera bertaratzen diren herritarrek. Memoriaren Egunaren harira Orioko Bizikidetza Batzordeak prestatu duen egitarauaren barruko ekitaldia izango da.

Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren harira, urritik abendura bitartean egitarau zabala antolatu du Orioko Bizikidetza Batzordeak. Lehen saioa urriaren 14an egin zuten, eta bigarrena datorren asteartean izango da, urriaren 25ean. Hain zuzen ere, Iñaki Peñaren S(u/a)minetik bakera dokumentala proiektatuko dute kultur etxean, 19:00etan hasita.

Lanaren abiapuntua bi emakumeren arteko elkarrizketa da: Batallón Vasco Españolek eraildako Iñaki Etxaberen alaba, Olatz Etxabe, eta ETAk eraildako Isaias Carrascoren alaba, Sandra Carrasco. Ikus-entzunezkoaren helburua sumina eta samina atzean utzi eta bakera arteko bidea egiten laguntzea da.

Filma ikusi ostean, solaserako tartea ere izango da; gainera, han izango da Iñaki Peña zuzendaria ere.

Bizikidetza Batzordeko ordezkariek saioa baliatuko dute abendura arteko programaren berri emateko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide