Senior mailako eskubaloi taldeak garaipena lortu du asteburuan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 11a, 13:18

Orio Eragin Eskubaloi Klubeko senior mailako taldea. (Joseba Unanue Arregi)

Markagailuan atzetik joan baziren ere, bigarren zatian, partidari buelta ematea lortu zuten neskek, garaipena erdietsiz.

Denboraldiko lehen garaipena lortu du Orio Eragin klubeko senior mailako taldeak, Yolanda Fernandez eta Joseba Unanueren gidaritzapean. Zumarragan izan zuten hitzordua asteburuan eta 23-25 emaitzarekin irabazi zuten norgehiagoka. Dena dela, partida estua izan dela aitortu du Fernandezek: "Ez da batere erraza izan bi puntuak gureganatzea, oso zaila izan baitzen partida". Bost puntu atzetik zirela iritsi ziren atsedenaldira, baina taldeak ez zituen besoak jaitsi, eta defentsako lan "gogorra" eginda,  aurkarien erasoa gelditzea lortu zuten. "Horrez gain, erasoan jaurtiketak hobetu ostean, golak errazago sartzen hasi ginen, batez ere Sara Mujikak egindako lanari esker, hamabi golekin partidako goleatzailerik onena izan baitzen". Hala, "bigarren zati borobila" egitea lortu zuten neskek, entrenatzailearen hitzetan.
 
Datorren igandean, Karela kiroldegian, etxean, jokatuko dute partida, Lezoko taldearen aurka, eta bi puntu garrantzitsu izango dira jokoan jardunaldian. 
 
Asteburuko emaitzak

Senior maila (Gipuzkoako Txapelketa)
- Urola 23 - 25 Zuhegan Orio

Jubenil maila (Euskal Liga)
- Sinergia Orio 35 - 17 Berango Urduliz

Kadete maila
- Euskal Liga. Sukia Orio 31 - 24 Berango Urduliz
- Gipuzkoako Txapelketa. Seguros Bilbao Orio 21 - 21 La Salle Legazpi

Infantil maila (Lagunartekoak)
- Zudugarai Orio 31 - 17 Pulpo Zumaia
- Aiala ZKE 15 - 25 Pinturas Duran Orio
- Pulpo Zumaia 20 - 12 Boga Boga Orio

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide