Andrakako (Lemoiz, Bizkaia) Kintopeko Idi Probak urteroko hitzordua dira Iñaki Olidenentzat, eta aurtengoan ere ez du hutsik egin. Joan den astean jokatu zuten dema, lau jardunalditan banatuta, eta guztira hamahiru idi pare aritu ziren nor baino nor.
Iñaki Olidenen parea azken jardunaldian irten zen plazara, astearte iluntzean hain zuzen, Billabasoren eta Urra-Olabarrietaren idiak irten ziren egun berean, eta egun horretan Andrakako probalekuan zeudenen gozamenerako, sekulako ikuskizuna eman zuten. 64 plaza eta 1,46 metro eginda, oriotarraren pareak sailkapeneko bigarren lekuan bukatu zuen dema. Mantak eta txapela irabazi zituen Billabasoren pareak, berriz, 65 plaza egin zituen. 62 plaza osatuta, Zornotzako Anaiaken pareak egin zuen hirugarren, eta 61 plazarekin, Urra-Olaberrietaren parea laugarren gelditu zen.