June Aranbarri: "Taldearen konpromiso maila hau ez dut aurkitu orain arte"

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza 2022ko urr. 10a, 09:00

Orioko nesken traineru nagusiko kidea da June Aranbarri ondarrutarra. Iragan denboraldiaren hasieran, talde berri bat osatzeko erronka zuten, eta lana gogor eta gogoz eginda, Eusko Tren Liga eta Kontxako bandera eskuratu dituzte. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k Aranbarriri egindako elkarrizketa da honakoa.

2022ko Kontxako bandera irabazi duzue. Nola bizi izan zenituen Kontxako estropadak?

Bagenekien bi asteburuak oso estuak izango zirela, distantziak ligakoak baino motzagoak dira, eta talde guztiak punta-puntan heltzen dira abuztuaren amaierara. Eta horrela izan zen, lehia estua izan genuen hasieratik amaierara arte.

Bigarren estropada egunean, presioa handiagoa izan zen?

Aurretik joan ginen, lehenengo luzea oso ona egin genuen, baina bueltan antsietateak gehiago egin zigun, eta justu-justu irabazi genien. Ez genuen arraun ondo egin, alferriko esfortsu bikoitza egin genuen, eta nekea ere bikoitza izan zen. Baina ezin genion utzi lortutako guztiari ihes egiten, eta dena eman genuen.

Zein unetan jakin zenuen irabazle izan zinetela?

Banekien azken 20 paladatan aurretik gindoazela, baina bertan sumatzen nituen momentu guztian. Estropada amaitzean, oso gaizki nengoen, mareatuta egon nintzen, bueltarik ezin emanda. 10 minutu igarotzean, egoerari buelta ematen hasi nintzenean hasi nintzen egoeraz jabetzen eta pozten. Patroiak zoriondu gintuenean izan zen, baina hasierako euforia hori ez nuen sentitu, askok ez genuen sentitu, fisikoki leher eginda geundelako. Asko estutu gintuzten, eta ordaindu egin genuen.

Eusko Tren Liga irabaztetik etorrita, apustuak zuen aldekoak ziren. Erdigunean egoteak gain zama bat darama?

Gure taldearen kasuan ez zen zama bat izan, konfiantza genuelako. Hamabi estropada ia jarraian irabaztetik etorrita, hainbeste lorpenek emandako konfiantza genuen. Ez da erraza sentipen hori lortzea, baina lortu egin genuen. Presio bat sumatzen duzu, jendeari hutsik ez egitearena.

Zein izan zen zuretzat unerik bereziena?

Arranpara heldu gineneko unea. Nire familia eta lagunak lehenengo ilaran egoteko aukera eduki zuten, eta oso berezia izan zen niretzat, zorte bat izan zen, eta une hori izan zen niretzat bereziena. Orioko zaleen beroa ederra da, baina norbere familia eta lagunak ikusteak beti hunkitzen zaitu. Besarkada artean pila bat negar egin nuen. Une horiek egiten dute Kontxako estropada berezi, sortzen den aura eta giroa oso berezia da. Eta giro horren baitan zeure familia hurrean sentitzeko aukera ematen du, beste kasu askotan ez modura.

Eusko Tren Liga eta 2022ko Kontxako bandera irabazi dituzue denboraldi berean. Helburu guztiak bete dituzue?

Guztiz. Denboraldiko erronkarik handiena arraunketa bateratu bat lortzea izan da. Denboraldi hasieran hamar kide berri sartu ginen taldera, bakoitza talde ezberdin batetik etorritakoa. Fisikoki lan handia egin dugu, eta psikologikoki oso erraza egin zaigu. Entrenatzaileak eta lan taldeak lan oso ona egin du. Hasiera batean zaila zena erraz egin dugu, eta oso fresko amaitu dugu denboraldia. Ez dugu neke sentsazioagaz amaitu, hau da, jarraitu egingo genuen. Grina, gogoa eta konfidantza genituen. Ez genuen galtzeko beldurrik, eta sentsazio hori izatea oso gaitza den arren, lortu egin genuen.

Irakurri elkarrizketa osorik Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-ren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide